Oria ibaia «zabortegi» bihurtu dela salatu du Eguzkik
Arana kalean pilatuta zaborren irudiak zabaldu ditu Eguzki talde ekologistak, eta udalari neurriak hartzeko eskatu dio.
Eguzki talde ekologistak salatu duenez «Oria ibaia zabortegi bihurtu» da azkenaldian, eta udalari neurriak hartzeko eskatu dio. Arana kalean hartutako irudiak zabaldu dituzte, salaketarekin batera.
Eguzki taldearen arabera, «espantuka aritzen gara ozeanoan kontinente baten adina azalera duen plastiko multzo bat badagoela entzuten dugunean», baina «ez omen gara gauza irudi horien eta geure eguneroko praktiken arteko loturarik egiteko». Hala, «udalak lehenbailehen garbitzeari ekin» behar diola uste dute. «Ahal dela, Foru Aldundiarekin edo Ura agentziarekin elkar hartuta, baina Udalak ekin behar dio. Ez du balio pilota elkarri pasatzen ibiltzea».
Beste herri batzuetan hartu dituzten moduko neurriak aplikatzeko eskatu dio Eguzkik Beasaingo Udalari. Horietako bat, «burdin-sare batzuk» jartzea izan daiteke, «ibai ertzeko barandilla azpian plastiko eta beste zaborrak ibaira eror daitezen eragozteko». Azkoitian jarri dituzte dagoeneko horrelako sareak, eta Legazpin, Zumarragan eta Ordizian ere «aukera aztertzen» hasi direla azaldu dute. «Beasainek ere erronka handia du, herritarrak hezten eta, tokatzen denean, zigortzen, zeren eta jarrera batzuk ez baitira inolaz ere onargarriak, ez dute leungarririk. Baina ezer baino lehen, Udalak etsenpluaren bidez predikatu behar du eta ibaia garbitzeari ekin behar dio».