Barazki ekoizle eta saltzaile berria
Produktu berri asko ikusi dira Nazioarteko elikadura egunarekin eta Ordizia Txapeldun gazta norgehiagokarekin bat egin duen ferian; barazki ekologikoen aukera gehiago zabaldu da.
Atalez atal zer aipatua sortu zen atzoko azokan, izan ere produktu berri dezente ekarri baitzituzten. Barazkietan, ohiko azaloreari morea gehitu zaio. Arantxa Iparragirrek zuen, 2 euroan bakoitza. Egosterakoan kolore bizia galtzen badu ere, ukitu berezia ematen dio aurkezpenari. Ondoan ikusi genituen lehen romaneskuak, oso estetika dotorekoa hau ere, berde argi koloreko lore puntatxoduna baitu. Azen familiekin segituz, lonbarda azaburu ubel trinkoa ekarri zuen lehen aldiz feriara etorri den Iñaki Intxaustik, baita aza mota berri bat ere, tas choi; duela urte gutxi ekartzen hasi ziren pak choiren antzekoa da. Ez zaio bururik egiten, jateko oso gustu gozo atseginekoa, baina oraindik ez da bezeroen artean jateko ohiturarik txertatu. Antzekoa gertatzen zaio xaiotari ere; atzo zuria ikusi genuen Baliarraingo Edurneren postuan, lehendik Arantxa Zurutuza berdeak ekartzen hasia zen (euroan bakoitza salgai).
Gutxi ikusten den piper mota bat zuten Patxi eta Lurdes aramarrek, hori borobiltxoa, 6 euroan kiloa; «luzeka zatitu eta ozpinetan sartuta oso goxoa gelditzen da», zioten.
Fruten artean, lehen kiwiak Juli Otegiren postuan, kiloa 3 euroan, baina oraindik gogorrak. Aldiz, mizpirak jateko puntua hartzen hasi dira (3€/k). Sagar bikainak eta mota askotakoak ere bai aukeran, eta errezila, geroz eta ale ederragokoa ikusten da. Landareei dagokienez, udaberriko tipula zuri eta gorria aukeran (3-3,5 euro ehuneko sorta).
Arto opila egiten hasi da Maite Iturbe okina, 6 euroan kiloa. Arto irina ere salgai du, 3 euroan.
Ferian estreinaldia
Iñaki Intxausti Iturzaeta Zeraingo Mendartekoa, ilusioz baratze lanetan hasi eta ferian estreinatu zen atzo. Pozgarria da saltzaile berriak ikustea. Are eta pozgarriagoa egindako apustuan ilusioa eta satisfazioa sumatzen bada. Orain dela bi urte hasi zen baratze lanetan, ingenieritza ikasketak eginak ditu eta lanean ere hasia zen arlo horretan, baina beste nonbait gogoa. Etxeko lurretan, Segurako Maduran ditu negutegiak baita haragitako behiak ere, Markitegin. «Oso gustura ari naiz, lana bera eta jendearekiko harremana ere oso aberatsak dira; gehiago eta prezio duinagoan saldu beharko genuke. Hori da lanbide honek duen zailtasun handiena, hilabete sari handirik ez dago hemendik». Orain arte kontsumo taldeekin aritu da, hau du bere lehenengo azoka. Txukun asko aurkeztuta, Atiberkoek utzitako hutsunea garaiko barazki ekologikoz bete du Iñakik. Orain bezeroak izan behar dugu lanbidearen etorkizunaren bermea.