Denden balio erantsia, bezeroentzako opari
'Ni Singular Naiz’ kanpaina aurkeztu dute Ordizian, Singular Dendak zigilua duten establezimenduak eta haien bezeroak balioan jartze aldera. Bezeroen artean zozketak egingo dituzte.
Tokian tokiko merkataritzaren balioak bultzatzeko asmoz, Ni Singular Naiz kanpaina hasiko dute, bihartik aurrera, Beasain, Lazkao eta Ordiziako bederatzi saltokitan. Gaur aurkeztu dute egitasmoa Ordizian, eta bertan izan dira hiru herrietako udal ordezkariak, Maite Valmaseda Gipuzkoako Merkatarien Federazioko zuzendaria, dendariak eta Singular Dendak markaren Goierriko enbaxadore den Maria Amolategi kantaria.
Establezimendu bakoitzak produktu edo zerbitzu bat identifikatuko du, saltokiak transmititzen dituen balioak dituena eta dendan, edonork ikusteko moduko tokian jarriko dituzte, kanpainaren beste elementu batzuekin batera. Produktu horiekin, bezeroen leialtasuna saritu nahi dute. Horretarako, Itziar Alduntzinek aurkezten duen Gipuzkoako Kale Nagusia (Onda Vasca) irratsaioak egunero helaraziko dizkie entzuleei ekimenean parte hartuko duten establezimenduekin lotutako galderak eta zozketa egingo dute erantzun zuzena ematen duten entzuleen artean. Gainera, Ni Singular Naiz eslogana duten poltsak eskuratu ahalko dira sare sozialen bidez.
Kanpaina horren helburua «Gipuzkoako merkataritza bereiztea, profesionalizatzea eta modernizatzea» dela azaldu dute aurkezpen ekitaldian. «Arlo sozialean oinarritzat dituen balioetan posizionatu nahi dugu Singular Dendak marka» esan du Merkatarien Federazioko zuzendariak eta «bertako komertzio eta horiek balio erantsi moduan baloratzen dituzten bezeroen artean konplizitatea sortzea da bilatzen dena».
Goierri beheko Singular Dendak:
- Beasain: Nagusi optika eta YS harriak eta osagarriak
- Lazkao: Koboloi eta Miszelania Concept Store.
- Ordizia: Etxola, Ness, Gofi Berri, Suquia eta Unanue.