Kataluniako auzipetuei elkartasuna adierazteko elkarretaratzeak deitu dituzte biharko
Euskal gehiengo sindikalak deituta, bost elkarretaratze egingo dituzte bihar; CAFen ordubeteko lanuztea deitu dute. Beasaingo eta Legorretako udaletan, EAJk eta EH Bilduk bat egin dute deialdiekin.
Kataluniako buruzagi politikoen aurkako sententziak hautsak harrotu ditu, eta Goierrin hainbat protesta ekintza egiten ari dira. Asteartean elkarretaratzeak egin zituzten Goierriko zortzi herritan, Gure Esku plataformak deituta. Bihar eguerdirako ere, beste hainbat protesta ekitaldi daude deituta.
Batetik, euskal gehiengo sindikalak deituta, elkarretaratzeak egingo dituzte Ataunen, Beasainen, Lazkaon, Legazpin eta Ordizian. Erreferenduma ez da delitua. Askatasuna lemapean bilduko dira. ELA, LAB, Steilas, ESK, Etxalde eta Hiru sindikatuek bat egin dute deialdi horrekin. Beasaingo CAF lantegian, ordubeteko lanuztea ere egingo dute bihar.
- 12:00. Ataungo plazan.
- 12:00. Beasaingo plazan.
- 12:00. Legazpiko plazan.
- 12:00. Ordiziako plazan.
- 12:30. Lazkaoko plazan.
Baita udalek ere
Sindikatuek ez ezik, Beasaingo eta Legorretako udalek ere elkarretaratze bana deitu dute. Beasainen EAJren eta EH Bilduren udal taldeek adierazpena onartu dute, eta herritarrei bihar, Zubimuzu plazan, egingo den protesta ekitaldira joateko deia egin diete. Legorretako Udalean ere, bi alderdi abertzaleek bat egin dute, eta elkarretaratzea deitu dute bihar eguerdirako, udaletxearen atarian.
- 12:00. Beasaingo Zubimuzu plazan
- 12:00. Legorretako udaletxe atarian