Kirola eta auzolana, euripean
Euriak ez zituen asteburuko ekitaldiak zapuztu. Ordiziarrock jaialdiaren aurreneko edizioa, Legazpiko Erreka Eguna eta Itsasondoko Mountain Bike trabesia egin zituzten, besteak beste.
Gaurko eguraldiaren antzera, egun euritsua egin zuen duela 15 urte, 2004ko urriaren 17an. Asteburua izanda, ekitaldi ugari zeuden, eta giroak baldintzatuta izan bazen ere, gehieneki aurrera jarraitu zuten. Hori izan zen Itsasondoko 5. Mountain Bike Trabesiaren kasua. Lokaztu ederra hartuko zuten, baina parte-hartzaileek osatu zuten Santa Marina, Beizama eta Nuarbetik barrena prestatutako ibilbidea.
Kirolarekin jarraituta, Beasainek 1-1 berdindu zuen Loinatz zelaian, Elgoibarren aurkako partidan. Ordiziak berriz, 1-3 irabazi zion, etxetik kanpo, Hondarribiari.
Euriak baldintzatutako beste ekitaldietako bat, Legazpiko Erreka Eguna izan zen. Eguraldiak lagundu ez bazuen ere, 1.580 kilo hondakin jaso zituzten Urola errekatik. Bildutako zaborra, udaletxe parean jarri zuten ikusgai, kontzientzia sortzeko asmoz.
Beti Alai pilotalekuaren ondoko karparen babesean –artean estalpea egiteko zegoen– egin zuten Ordiziarrock jaialdiaren aurreneko edizioa. Herriko zazpi musika taldek parte hartu zuten, eta jende ugari bildu zen kontzertuetan nahiz egunean zehar antolatutako bestelako ekitaldietan.