'Prostituzioa eta sexu-lana auzitan' goiburupean hiru hitzaldi egingo dituzte
Gipuzkoako Jabetze Eskolen Sareak antolatu ditu. Legazpiko Kultur Etxean gaur egingo dute lehena, sexu-lanari buruzkoa. Hitzaldi guztiak gaztelaniaz izango dira, 18:30ean
Ez da gai samurra prostituzioarena. Kontraesanak eta aurrejuzguak nagusitzen dira gehienetan. Legazpiarrek, gaurtik hasita, gaian sakontzeko aukera daukate. Gipuzkoako Jabetze Eskolen Sareak antolatu du Eztabaida feministak: prostituzioa eta sexu-lana auzitan hitzaldi ziklo ibiltaria. Legazpin eta Gipuzkoako beste lau herritan egingo dute. Aukera, gainera, ez da nolanahikoa, hizlari lanetan gaia ezin hobeto ezagutzen duten adituak arituko direlako.
Gaurkoan Conxa Borrell Otras sindikatuko idazkari orokorra egongo da Legazpin. Sexu-lana: lan-eskubideak, sindikatzea edo esplotazioa hitzaldia egingo du. Otras sexu langileen sindikatua da, eta Borrel sexu langilea da duela hamahiru urtetik. Prostituten lan eskubideen onarpenaren alde dago, esate baterako, enpresariei sexu langileen gizarte segurantza ordaintzeko exijentzia egiten die. Finean, gainontzeko langileen eskubide berberak nahi dituzte.
Bigarren hitzaldia datorren astelehenean izango da, urriak 21, ordu eta toki berean. Peter Szil aditu hungariarrak Gizonak, pornografia eta prostituzioa hitzaldia egingo du. Szil psikoterapeuta eta hezitzailea da, baita indarkeria patriarkalari buruzko gaietan aktibista ere. Prostituzioaren abolizioaren aldekoa da, hirugarren hitzaldia emango duen Amelia Tiganus bezala. Tiganus emakumeen salerosketaren biktima da eta prostituta izan zen 18 urtetik 23 urtera arte. Aktibista feminista da eta prostitutak biktimak direla dio.
Aukera paregabea dago Legazpin gaiaren gaineko iritzi propioa sortzeko, gogoeta egiteko ere bai.