Rock&Roll doinuak nagusi
Ordiziarrock jaialdiaren 16. edizioa gaur hasiko da Jon Gurrutxaga eta Urbil Artolaren akustikoarekin. Ia 100 musikari igaroko dira hiru eskenatokietatik
Rock & Roll doinuak eta Euskal Herriko taldeak nagusituko dira 16. Ordiziarrock jaialdian. Hiru eguneko jaialdia, hiru eskenatoki ezberdin eta ia 100 musikari ekarriko ditu. Beste behin ere, «maila goreneko» jaialdia antolatu dute.
Esperientzia badute horrelakoak antolatzen eta detaile txikienak ere kontuan izaten dituzte. Askori agian pasa egin zaie, baina aurtengo kartelari begiratu on bat emateko gonbitea luzatu dute antolakuntzan aritu diren lagunek. Batetik, denboran atzera egin eta «soka gainean malabarrak» egiten zituzten lehen Ordiziarrock jaialdiei keinu bat egin nahi izan diete. Harrezkero, 16 urte igaro dira, eta badakite zer duten esku artean eta gauzak nola egin, oraindik «azken orduko sorpresaren bat edo beste» suertatzen bada ere. Bestalde, kartelean ikus daitekeen irudiak eskenatoki nagusian izango denaren pista ematen du. Urtero, berrikuntzaren bat dakar Ordiziarrockek eta teknologiari dagokio aurtengoa. Doinuaren kalitateari bakarrik ez, proiekzio audiobisualek ere jantziko baitute bereziki edizio berria.
Gaurtik larunbatera
Gaurtik hasita larunbatera bitarte, 12 talde igaroko dira Ordiziarrockeko eskenatokietatik. Gaur arratsaldean kontzertu akustikoa egingo dute Jon Gurrutxagak eta Urbil Artolak. Egunotan ordutegiarekin nahasketa txiki bat izan da, baina antolakuntzak baieztatu du 19:00etan hasiko dela; D’elikatuzen izango da.
Bihar, Beti Alai pilotalekura egingo dute salto. Bertan Znort gunea Higa talde goierritar hasiberriak irekiko du. Horrez gain, Nazareno Rock & Roll DJ, The Riff Trukers, Capsula eta Unidad Alavesa taldeek joko dute.
Etzi, larunbata, Plaza Nagusian izango da festa, Orquesta Bisuteriarekin, 19:00etatik aurrera. Ondoren, Beti Alai pilotalekuan jarraituko du musikak. Adrenalized, Liher, Nuevo Catecismo Catolico eta Lehiotikan taldeek joko dute. Gainera, azken urteetan joan diren lagunei omenaldia egingo diete eta bertan izango dira Olariusen Brothersak. Jon Olarius bera, Imanol Aizpuru, Iñaki Iturrioz ‘Langus’, Aitor Roman eta Joxean Juanes Urola gogoan izango dituzte eta argazki proiekzioa egingo dute.
Gogoratu, kontzertu guztiak doain direla eta irisgarritasuna ere oso kontuan izan dutela.
Gune morea
Azkenik, edozein eraso sexistaren aurrean erantzuteko prestakuntza jaso dute antolakuntzakoek. Gune morea ere egongo da eta telefono bat ere izango dute arretarako, 603 314 777.