San Adriango tunelaren historia antzeztuko dute hilaren 27an
Urrup antzerki taldeak prestatutako Leizarrate antzezlan musikatua eskainiko dute. Bisitari kopurua mugatua da eta aurrez eman behar da izena.
San Adriango pasabidearen historia jasotzen duen Leizarrate antzezlan musikatua egingo dute hilaren 27an, koban bertan. Zegamako Udalak Aldundiko kultura departamentuaren laguntzaz antolatutako egitasmoa da. Emanaldi bakarra egingo dute, eta aforoa mugatua izango denez, aurrez erreserba egitea komeni da.
Goierriko Urrup antzerki taldeak prestatutako ikuskizuna da eta hirugarren aldiz egingo dute antzezpena. Obrak duen zailtasuna eta berezitasunak ikusita, «ilusio handiz» heldu dio taldeak erronkari. Izan ere, Unescok Gizateriaren Ondare izendatu duen San Adriango pasabidean bertan egingo dute saioa.
Tunelak biztanle ugari izan ditu historian zehar. Batzuk barruan bizi izan ziren, eta beste batzuk bertatik pasa ziren, Errege bidetik oinez. Pertsonaia horien bizipenak antzeztuko dituzte, ikusleak «kobak eskaintzen duen giro misteriotsuan» murgilduz. Historiaurreko gizakitik hasi eta Erdi Aroko errege-erreginetaraino, printzesa, lapur, artzain, erromes nahiz apaizen kontuak kontatuko dituzte.
Goiz pasako irteera
Antzezlana 12:00etan hasiko da, baina aurrez egin dute hitzordua. Aldaolako aparkalekuan, Otsaurtetik 4 kilometrora, elkartuko dira, 11:00etan. Handik San Adriango tunelera gida batek lagunduta oinez joango dira bisitariak. Hori guztia, zuzeneko musikarekin lagunduta.
Emanaldia doakoa izango da, baina tokiaren berezitasunak eta mugak kontuan izanda, ikusle kopurua mugatu egingo dute. Hori dela eta, erreserba aurrez egiteko eskatu dute antolatzaileek. Informazio gehiago jasotzeko edo erreserbak egiteko, 943 80 21 87 telefono zenbakira deitu edo anduetza@gipuzkoamendizmendi.net helbidera mezu bat bidali daiteke.