Apalategi eta Urdangarin hasiko dira Txapelketako final-laurdenetan
Gipuzkoako Bertsolari Txapelketaren bigarren kanporaketa fasean, Andoainen bihar kantatuko dute. Apalategi lehian orain sartuko da. Zazpi goierritar ariko dira denera
Torlojuak estutzeko garaia iritsi da Gipuzkoako Bertsolari Txapelketan. Final-laurdenetako fasea bihar hasiko da, eta hiru asteburutan banatu dituzte sailkatze koska horretako bost saioak. Zazpi goierritarrek parte hartuko dute: sei final zortzirenetatik sailkatuta datozenak, eta orain batuko den Iñaki Apalategi.
Asteburu honetan Andoainen eta Irunen, hurrengoan Eibarren eta Azpeitian, eta azaroko lehenengoan Azkoitian dira final-laurdeneko saioak. Irunen izan ezik, beste guztietan izango da goierritarren partaidetza.
Bihar, Andoainen (Bastero kulturgunea, 17:00), Iban Urdangarinek eta Apalategik bat egingo dute. Inaxio Usarraldek aurkeztuko du, eta epaile taldean Maite Sukia ariko da.
Azken hitza, esateko
2015ean laugarren egin zuen Iñaki Apalategik. Finalista izateagatik, final-laurdenetan batuko zaio lehiari. Bihar, lehen pausoan, martxan datorren trenera igotzerakoan ez du estropozu egin nahi. Abailarik hartu gabe doa, hala ere: «Esprintik ez dut egin prestaketan. Nahiko poliki ari naiz, irailean hasita gaude».
Baina badaki zertara doan, lehen ere esperientzia badu eta: «Helburua trenak ez harrapatzea da. Gero, aurrera joaten bagara, ikusiko dugu erritmoa zer eta nola hartu. Baina, aurrena, burua adi eduki behar da.
Iban Urdangarin ere (Ataun, 1985) «pausoka» segitzeko asmoan da, final zortzirenak gaindituta; «zenbat eta aurrerago, orduan eta hobeto». Ez du baztertu beste jauzi bat egitea. «Hurrengo faseari begira joango naiz, noski. Lehenengo fasean, asko aritu gabe nengoen, eta abenturara joan nintzen. Ordutik hona ere pixka bat aritu naiz, eta oso ondo ikusten dut nire burua. Baina ez naiz ausartzen zer egin dezakedan esaten, askotan norbere esku ere ez da egoten ere. Ni ahalik eta lan onena egitera joango naiz. Aurrera egin dezaket, horretan ez dago zalantzarik; beste gauza bat da egingo dudan», dio ataundarrak, umorez.
FINAL LAURDENAK
ANDOAIN (Bihar, 17:00etan)
· Iñaki Apalategi
· Beñat Iguaran
· Unai Mendizabal
· Eñaut Martikorena
· Asier Azpiroz
· Iban Urdangarin
Aurkezlea: Inaxio UsarraldeIRUN (Etzi, 17:00)
· Agin Laburu
· Haritz Mujika
· Beñat Lizaso
· Maider Arregi
· Unai Gaztelumendi
· Iñigo Izagirre
Aurkezlea: Iban NarbaizaEIBAR (Urriak 26)
· Jon Maia
· Gorka Maiz
· Jokin Uranga
· Unai Muñoa
· Felix Zubia
· Mikel Tapia
Aurkezlea: Itziar EtxezarretaAZPEITIA (Urriak 27)
· Alaia Martin
· Oihana Iguaran
· Nerea Elustondo
· Iñigo Mantzisidor
· Iñaki Gurrutxaga
· Amaia Iturriotz
Aurkezlea: Imanol ArtolaAZKOITIA (Azaroak 2)
· Beñat Gaztelumendi
· Mikel Arola
· Ane Labaka
· Ander Lizarralde
· Maialen Akizu
· Ane Zuazubiskar
Aurkezlea: Jon Zaldua