Asteburu Mikologikoa bi egunez egingo dute iazko formatu berriari eutsita
Beti Gaztek, Lekanazpik eta Legazpiko Udalak antolatzen dute. 26. ekitaldia du ustez. Azokan izango dira perretxiko bilketa eta erakusketa, eta beharrezkoa baino ez hartzeko eskatu dute
Iaz egindako eredu aldaketari eutsiko diote aurtengo Asteburu Mikologikoan. Bihar eta etzi izango da, bi egunez, iaz bezala eta Azokan egingo dute ahalik eta jende gehien joan dadin. Beti Gazte eta Lekanazpi elkarteek antolatzen dute Legazpiko Udalaren babesarekin. Kartelean 26. ekitaldia dela jarri dute, baina zalantzak dituzte urteetako etena egon baitzen.
Bihar bilketa egingo dute Azokan 10:00etatik aurrera. Perretxiko bilketa, basoan, norberak egin behar du. Nolanahi ere, aurreko urteetan bezala eta, Aranzadi Zientzia Elkarteko adituen gomendioei jarraiki, «bakoitzetik ale bana edo bi jasotzea eskatu nahi dugu, garrantzitsua delako perretxikoak basoan geratzea», dio Andoni Zabaleta Beti Gazte elkarteko kideak.
Arratsalde partean, 16:00ak bueltan iritsiko dira Arantzadiko adituak, eta perretxiko biltzaileen zalantzak argitzeko aukera izango da. 19:00etan irekiko dute erakusketa eta 19:30ean dastaketa hasiko da. «Dastaketa bi egunetan egingo dugu, zeren aurreko urteetan bezala ez baikara jasotako kantitatearen menpe egongo pintxoak banatzeko». Kultiboko perretxikoak ekarriko dituzte, bi egunetarako 60 kilo txanpiñoi inguru. Asotxanp Nafarroa, Aragoi eta Errioxako elkarteak ekarriko ditu, «esperimentuak egiten dituzte kultiboekin eta urtero ekartzen dute mota berezien zakuren bat».
Upeltegiaren begia apustu jokoa egingo dute oraingoan ere, ea nork asmatu perretxiko saskiaren pisua. Igandeko egitaraua antzekoa izango da, umeentzako marrazketa gunea eta sariak gehituko dizkiote.