Kataluniari elkartasuna adierazteko kontzentrazioak herri eta lantokietan
Gehiengo sindikalak deituta elkarretaratzeak egin dituzte lantegietan, eta hainbat udaletan adierazpen instituzionalak onartu dituzte
Kataluniako buruzagi subiranistei Espainiako Auzitegi Gorenak jarritako zigorrak salatzeko eta Kataluniari herriari elkartasuna adierazteko kontzentrazioak deituta daude gaurko Goierrin, Erreferenduma ez da delitua. Askatasuna lemapean. Gehiengo sindikalak deituta –ELA, LAB, Steilas, ESK, Etxalde eta Hiru–elkarretaratzeak egiten ari dira hainbat lantokitan (horiek izan dira goiztiarrenak) eta eguerdian eta iluntzean ere kontzentrazioak egingo dituzte udaletxe aurreetan.
Sindikatuen deialdiaren kasuan, Altsasuko gazteei ezarritako zigorra ere salatzen dute, eta bihar Gure Esku deituta Donostian egingo den manifestaziora joateko deia ere egin dute.
Hainbat udalek adierazpen instituzionalak (Ataunen, Legorretan, Seguran, Zaldibian, Ordizian…) onartu dituzte, eta beste batzuetan EAJk eta EH Bilduk testu bat adostu dute, Beasainen modura. Argazkien segidan duzue udalek onartutako sei puntuko adierazpena.
Udaletan adostu eta onartutako testua
1.-Udalak ziurtatzen du demokraziaren adierazpen baketsua, indibiduala zein kolektiboa gauzatzea eta herriari hitza ematea ez dela delitua. Hori horrela, urriaren 1eko erreferenduma tresna demokratiko eta zilegizkoa izan zela, eta Kataluniak eta Euskal Herriak berezkoa dutela etorkizuna erabakitzeko eskubidea.
2.-Udalak argi eta garbi adierazten du ezin direla justifikatu Espainiako Auzitegi Gorenak eta Estatuko botereek Kataluniako agintari eta gizarte eragileei bizkarreratutako auzia eta ezarritako zigorrak.
3.- Udalak nabarmentzen du Kataluniako ‘Procés’-aren aurkako auziak eta epaiak Zuzenbide Estatuaren itxuragabetzea dakartela eta ezbaian jartzen dutela espainiar demokraziaren homologazioa nazioartean.
4.- Udalak azpimarratzen du euskal herritarrei zuzenean eragiten digula Estatu espainiarraren erantzun bortitzak, izan ere, herrien borondatea era demokratiko eta baketsuz erabakitzea mozten du. Eta arazo politikoari tribunalen indarrez, 155. artikuluaren ezarpenez edo erabakitze eskubidearen alde egiten dutenei edonolako neurri bidegabeak ezarriz erantzuten dio, irtenbide elkarrizketatu eta negoziatua bilatu ordez eta herriari galdetu beharrean.
5.- Udalak Estatuko botereei eskatzen die, espetxean dauden preso politikoak berehala aske utz ditzala eta, era berean, erbesteratu politikoen aurkako auzibideak bertan behera utz ditzala.
6.- Udalak elkartasuna adierazten die Kataluniako preso eta erbesteratu politikoei nahiz haien etxekoei, hala nola, Kataluniako herriari eta erakundeei, eta herritarrei dei egiten die bat egin dezaten herriari hitza ematearen aldeko ekimen baketsuekin, demokraziaren eta askatasunaren alde.