Lujanbio, Uria, Egaña eta Barroso gaur Zaldibian Zapi Janzte saioan
Zaldibiako Zapiak Bat elkarteak antolatuta, Udazkeneko III. Zapi Janztea egingo dute gaur. Lujanbiorekin batera, Jone Uria, Andoni Egaña eta Unai Barroso ariko dira.
Udazkeneko III. Zapi Janztea bertso saioa egingo dute, gaur gauean, Zaldibian. Zapiak Bat elkarteak, hirugarren urtez jarraian, feminismo ikuspegia eta bertsolaritza uztartuko ditu.
Bertso-afari modukoa izango da saioa, Zubi-Buru elkartean. Afaltzen 21:00etan hasiko dira. Sarrerak aidean agortu ziren, urriaren 10erako, salgai ipini eta egun gutxiren buruan. Baina, ondoren, bertso saioa entzuteko sarrera libre izango da, elkartera sartu nahi duten guztientzat. 22:30ean hasiko da.
Lau bertsolarik kantatuko dute: Maialen Lujanbiok, Jone Uriak, Andoni Egañak eta Odei Barrosok. Entzuleek, bukaeran, gustukoen suertatu zaien bertsolaria aukeratu ahalko dute, saioaren irabazletzat.
Buruko zapia garaileari
Saioko bertsolari onenak bi sari jasoko ditu. Batetik, eta ekitaldiari izena emanez, buruko zapia lotuko diote garaileari, izan emakumezko, izan gizonezko. Txapelaren ordezko eta ekimenaren ikur da zapia.
Bestetik, datorren urteko Udazkeneko Zapi Janztean kantatzeko gonbidapena ere jasoko du bertsolari horrek. Aurreko bi urteetan Maialen Lujanbio aukeratu dute onentzat, eta hargatik izango da gaur ere Zaldibian.