Xabi Ormazabali agur
Orain hamabost urte, egunotako albiste nagusia Ormazabal mendigoizalearen heriotza izan zen. Mintzalagun proiektuaren sorrera Beasainen eta Zegamako Eguneko Zentroaren irekiera
Zer zen albiste Goierrin orain hamabost urte? Asteko albistea tristea izan zen, inondik ere. Xabier Ormazabal mendigoizale urretxuarra Cho Oyu Himalaiako zortzimilakoan hil zela jakin genuen eta albistearen berri eman zuen GOIERRIKO HITZAk. Gertatutakoa jaso zuen Goierriko egunkariak senideek eta lagunek emandako informazioa oinarri. Iñaki Alvarez, Ormazabalen laguna: «Pertsonalki, Xabik Cho Oyu mendiko gailurra jo zuela uste dut. Lagunek oso poliki jaisten ikusi zuten». Gorpuaren bila bizpahiru sherpa bidaliko zituztela ere jaso zuen GOIERRIKO HITZAk.
Bestelako albisteak ere eman zituen asteak. Dagoeneko erabat errotuta dagoen Mintzalaguna programa martxan jarri zuen Beasaingo Udal Euskaltegiak. Ordiziako haurrek Jorge Oteiza eskultorearen obraren berri izan zuten. Seguran Umetxea ireki zuten. Goierritarra aldizkaria itxuraz aldatu zuten. Zumarragan, Erdi Arotik hasita, udal agiritegiak gordetzen zituen agiriak digitalizatzeari ekin zioten. Landa bideen ordenantza berriak eta geltokiko hirigintza lanak Legazpin, Esperientziaren Eskolaren ikasturte berria eta asteburuko kirol jardunek eskualdean utzitako emaitzak eta kronikak.
Mintzalaguna errotu da eskualdean, Esperientziaren Eskolarik ez dago jada eta Ormazabalen omenez mendizaletasuna hauspotzeko beka ematen du Urretxuko Udalak.
GOIERRIKO HITZA larunbatez eta igandez ere argitaratzen genuen garaia zen, argazki artxiboa zerotik abiatu genuen aroa, egunkari bat egiten ikasten ari ginen garaia zen, betire, iturrietatik hurbil eta teletiporik gabe.