ZZ Rock jaialdia egingo dute bihar Zumarragako trintxeran
Moonshakers, Trini Fox eta The Government musika taldeek joko dute. Disko jartzaileak ere egongo dira. Jaialdia 20:00etan hasiko da
Bihar ZZ Rock jaialdiaren hirugarren edizioa egingo dute Zumarragako trintxeran. Hiru musika taldek joko dute: Bilboko Moonshakers, Urrestillako Trini Fox eta Madrilgo The Government. Sarrera doan izango da. Disko jartzaileak ere egongo dira: Mandela Sakandarock, Chemi Lee eta elCrack. Sarrera doan izango da.
Hiru disko jartzaileek emango diote hasiera aurtengo ZZ Rock festari, 20:00etan. 20:30ean Moonshakers taldeak joko du, 21:45ean disko jartzaileak arituko dira, 22:15ean Trini Fox taldeak joko du, 23:30ean berriro disko jartzaileak arituko dira, gauerdian The Government taldearen txanda izango da eta 01:30etik aurrera disko jartzaileak arituko dira.
The Government taldeak rock and roll, garaje eta soul-punk estiloak nahasten ditu, besteak beste. Madrilgo hirukote horrek disko berria aurkeztuko du urte amaieran eta Zumarragako jaialdian kanta zaharrak eta berriak joko ditu.
Bilbotik eta Urrestillatik
Bilboko Moonshakers taldeak, berriz, rock, garaje eta psikodelia musikak uztartzen ditu, besteak beste. Bi disko dituzte eta azken urteetan hainbat jaialditan parte hartu dute: Bay of Biscay Festival, Sopela Kosta Fest, BBK Music Legends Festival, Basque Fest Rock City…
Trini Fox taldeari dagokionez, rock alternatibo, stoner eta punk rock doinuak nahasten ditu. Kuraia, Dut edo Queens of the Stone Age bezalako taldeen pausoak jarraitzen dituzte. Hirukote bezala hasi ziren, baina jaialdira lau lagun etorriko dira. Zuzeneko bikaina dute.