Euskadi Fundazioak Txirrindu Festa egingo du igandean Beasainen
Erauskin plazan 11:30ean elkartu eta ibilbide hezitzailea egingo dute, hainbat txirrindulari profesionalekin batera. Adin guztietako txirrindu zaleei zuzendua dago
Beasaingo Udalak eta Euskadi Fundazioak hitzarmena sinatu zuten duela urtebete, besteak beste Goierriko txirrindulari afizionatuen taldeak diruz babesteko helburuarekin. Hortik harago, txirrindularitzaren balioak eta kultura ere zabaldu nahi dute bi erakundeek goierritarren artean.
Honela, Euskadi Fundazioak, udalaren laguntzarekin, Beasain aukeratu du Txirrindu Festa egiteko. Igandean, 11:30ean, Erauskin plazan jarri dute hitzordua, txirrinduarekin kaskoa jantzita joateko. Txirrinduaz gain, trizikloak eta motor txikiak ere baliagarriak izango dira.
Adin desberdinetako herritarrentzako bi ibilbide prestatu dituzte txirrindularitzaz gozatzeko: txikienentzako Gernika Pasealekuaren inguruan, eta gainerakoentzat, Salbatoreko Hirigoien industrialderainoko joan-etorria, denek batera. Aitor Aldasoro alkatearen esanetan, «ibilbidean zehar, gune desberdinetan txirrinduan nola ibili behar den azalduko zaie. Adibidez, oinezkoen gunean, jendea dabilenean nola ibili behar den».
Parte hartzaileek txirrindulari profesionalak eta Goierriko taldeetako neskak eta mutilak izango dituzte lagun.
13:00ak aldera amaituko da festa eta amaieran, parte hartzaile guztien artean hainbat zozketa egingo dituztela iragarri du Euskadiko Fundazioko kide Aitor Galdos txirrindulari ohiak.
Mekanikoen lana ikusgai
Erauskin plazan beste hainbat ekintza ere egingo dituzte musikak lagunduta. Besteak beste, txirrindularitzarekin lotutako hainbat material bertatik bertara ikusteko aukera izango da; besteak beste, Euskadi Fundazioko autoak eta mekanikoen ibilgailua.
Bilbon egin izan du Euskadi Fundazioak Txirrindu Festa, eta poliki-poliki herri gehiagotara zabaldu ditu txirrindularitzaren zaletasuna eta txirrindularitzaren kultura eta balioak.