Oihartek sagardoa latan ere merkaturatuko du
Zeraingo Oiharte sagardotegiak latan ere merkaturatuko du sagardoa hemendik aurrera. Ezkioko Igartubeiti baserrian egiten ari diren Sagardo Astearen barruan aurkeztu dute egitasmo berria. Oiharte sagardotegikoen hitzetan, bezeroari «kalitatezko sagardoa modu erraz batean» dastatzeko aukera emango dio latak. Beste hainbat abantaila ere azpimarratu dituzte, hala nola, eramateko erraza izatea, kortxorik atera beharrik eza, eta edozein toki eta momentutan edateko aukera, adibidez, mendira egindako txango batean.
Euskal Sagardoa latan eskainiko duen aurreneko sagardotegia da Oiharte; izan ere, latan eskainiko dutena, %100 bertako sagarrarekin egindako produktua da, «Jatorri Deituraren kalitate berme zorrotzak» betetzen dituena.
Berrikuntzak sektorean
Bere aldetik, Unai Agirre Euskal Sagardoa izendapeneko lehendakariak, «sagardotegi batek egin duen apustua» dela azpimarratu du eta horrek «poza» ematen duela. Euskal sagardoaren barruan «etorkizunera eta egungo egoerara egokitu» behar dela uste du, eta zentzu horretan, «latak aukera berriak» eskaintzen dituela. Aurkezpen hori «atzetik etorriko diren gehiagoren abiapuntu» izango dela dio, sektorean berrikuntza gehiago ikusteko aukera izango baita laster.
Oiharte sagardotegiko kideez gain, Gipuzkoako Sagardogile Elkarteko, Euskal Sagardoa jatorri izendapeneko eta Gipuzkoako Foru Aldundiko ordezkariak ere izan dira ekitaldian.













