Eskubideak argiztatzera
Goierriko Gure Eskuk Txindoki ingurua argiztatzeko deia egin du ostiralerako. Kataluniako herriari eta Altsasuko gazteei babesa adierazteko ekimena da. Herritarrei parte hartzeko deia egin die
Asteburuan zabaldu zen deialdia WhatsApp sare sozialaren bidez, eta harrezkero batera eta bestera dabil Goierriko Gure Eskuk datorren ostiralerako, hilak 25, antolatu duen ekimena. Helburua Txindoki inguruak argiztatzea da, Kataluniako herriari eta Altsasuko gazte espetxeratuei elkartasuna adierazteko. Pixkana bada ere, forma hartzen ari da ekimena, eta antolatzaileek lerro hauek baliatu nahi dituzte herritarrei hainbat ohar eta gomendio helarazteko.
Herritarrentzako oharrak
Larraiztik abiatuta pinudira iritsi aurreko zatian hasiko litzateke argiztatzea, handik Ameztiko lepora, eta hor, mendiaren hegi zorrotza hartuta tontorrera iritsiko litzateke. Beste argi muturra Oriako iturritik gora abiatuko litzateke Tximista bidetik gailurreraino iristeko. Gutxienez 200 lagun behar dira argiztatzea behar bezala egiteko, «baina jende gehiago joanez gero, hobeto», adierazi dute antolatzaileek.
Eremurik teknikoenak argiztatzeaz eskalatzaileak arduratuko dira, eta gainontzeko zatiez ekimenera biltzen diren herritarrak. 17:00etarako jarri dute hitzordua, Larraizko goiko aparkalekuan. Argiztatzean parte hartu nahi, baina ordu horretarako joan ezin duenak beranduago inguratzeko aukera izango du: «Gora abiatu daitezela, eta bidean topatuko dute azalpenak emango dizkien norbait».
Egunotan euria egingo duenez, ingurua lokaztua egon daiteke, eta mendirako oinetako eta arropa egokiak eramatea aholkatzen dute, baita jatekoa eta edatekoa ere. Ostiral iluntzean ateri eta 10 gradu inguruko tenperatura egingo duela iragarri dute. Argiztatzeak ordu erdi iraungo du ( 20:00-20:30), eta horretarako norberak bere eskuargia (linterna) edo kopetako argia eraman beharra dauka.
Bi aldarrikapen nagusi
Altsasuko gazteen aurkako epaia «oinarrizko eskubideen aurkako erasoa» dela uste du Gure Eskuk, eta Kataluniako buruzagi subiranistei ezarritakoa «Euskal Herriaren aurkako epaia ere» badela dio. «Ilunpean nahi gaituzte. Horren aurrean argiak piztuko ditugu etorkizunari begiratzeko».