Pertika erakustaldiak punta puntako atletak ekarriko ditu Ordiziako kaleetara
Txindoki Grupo Jaso Autowag Atletismo Taldeak 7. Atletismo erakustaldia egingo du Ordiziako udaletxe parean, larunbatean. Miren Bartolome Espainiako txapeldunak parte hartuko du
Ordiziako Plaza Nagusia atletismo pista bihurtu eta 7. Atletismo Erakustaldia egingo dute, larunbatean, urriak 26, 18:30ean hasita, Txindoki Atletismo Taldeak antolatuta. Aurten, pertika erakustaldia egingo dute soilik eta maila goreneko atletek parte hartuko dute.
Duela zazpi urte egin zuten lehenengoz atletismo erakustaldia Txindoki Atletismoko kideek. Lehenengo bostak Ordizian egin zituzten, 2017. urtean Lazkaon eta 2018an Beasainen. Aurten, Ordiziara bueltatuko dira. Udaletxe aurrean egingo dute erakustaldia.
Pertikan, punta-puntakoak
Dozena bat atletek parte hartuko dute. Pertikan punta-puntan dauden gizon-emakumeak dira. Horietako bat, Grupompleo Atletico taldeko Miren Bartolome nafarra izango da, Espainiako txapelduna absoluto eta 23 urtez azpikoen mailetan. Gainera nazioarte mailako hainbat txapelkeaetan parte hartutakoa da. Nafarraren marka pertsonal onena 4,42 metroan dago. Bartolomeren taldekidea den Sandra Barrios ere Ordizian izango da. Espainiako txapelketan hirugarren egin zuen 20 urtez azpikoen kategorian. Nazioartean ere esperientzia duen emakumea da. Marka pertsonal onena 4 metroan du. 20 urtez azpiko mailan Euskadiko txapelduna eta Espainiako bosgarrena den Bidasoa Super Amara taldeko Malen Orduña ikusteko aukera ere izango da. Bidasoa taldeko Mikel Campon ere Ordizian izango da; Euskadiko bigarren eta Espainiako 10. egin zuen absoluto mailan. 5,25 metrotan du marka pertsonal onena eta larunbateko erakustaldian bere onenak ematen saiatuko da. Master 50 kategoriako munduko txapelduna ere gerturatuko da Goierrira.
Plaza inguruan
Beste behin ere, plaza ingurua jendez betetzea espero dute Txindoki atletismo taldeko kideek, gutxitan izaten baita horrelako kirol modalitatea hain gertutik ikusteko aukera.