Cavarik onena Zegaman
Bihar eta etzi 6. Cava Festa egingo dute. Sant Sadurni d'Anoiako zortzi cava ezberdin dastatzeko eta afaltzeko aukera egongo da. Iazko moduan, festa Aitxuri herri eskolako patioan izango da
Cava Festaren 6. edizioa egingo dute ostiralean eta igandean Zegaman. Aitxuri ikastetxeko patioa 20:00etatik 01:00etara egongo da zabalik. Sant Sadurni d’Anoiako zortzi cava dastatzeko eta afaltzeko aukera egongo da. Autobus zerbitzua egongo da, inguruko herrietara itzultzeko.
Segura Viudas Brut Nature Gran Reserva, Villarnau Brut Nature, Capdevilla Pujol Reserva Nature eta Grimau Brut Nature caven kopak 2 euro balioko du eta botilak 9 euro. Gemma, Raventos i Blanc Blanc de Blancs, Llopart Brut Nature Reserva eta Jaume Giro i Giro Brut Rosat kopek 3 euro balioko dute eta botilek 13.
Jatekoa ere egongo da: oilasko izterra piperrekin, solomo burua piperrekin, ajoarrieroa arrautzekin, saltxitxak, txorixoa, entsalada eta hanburgesak piperrekin. Postreari dagokionez, gazta eta menbrilloa.
Iluntzean Zegamara joateko ohiko autobusak egongo dira eta gauean etxera itzultzeko bi autobus egongo dira: 00:10ean eta 01:55ean. Bi autobus horiek doan izango dira.
Antolatzaileak
Cava Festa Zegamako Udalak antolatu du, Amezti, Tartalo, Karraztarro, Orkatz, Gazte Herexa, Elkartu Nahi eta Kasino elkarteen eta herriko jubilatuen laguntzarekin.
Zegama Kataluniako Sant Sadurni d’Anoia herriarekin anaituta dago eta festa honen helburua kalitatezko cavak ezagutzera ematea da. Baita goierritarren arteko harremana sendotzea ere.
Aurreko urteetan dastaketa gidatuak antolatu dituzte, baina aurten ez da halakorik izango. Bestalde, ez da tiketik erabiliko. Festara gerturatzen direnek zuzenean ordainduko dute.
Joseba Izagirre Zegamako alkateak ekimena arrakastatsua dela dio. «Geroz eta goierritar gehiago etortzen dira Cava Festara. Oso pozgarria da. Oker ez banaiz, Gipuzkoan antolatzen den cava festa bakarra da. Aurten iaz baino berogailu gehiago jarriko ditugu eta jendea oso eroso egongo da».