Euskal Herriko burruntzi lehiaketa jokatuko da igandean
Plaza azpian erreko dituzte arkumeak. 12:00etatik aurrera, 3 euroan pintxoa eta edaria salduko dituzte. Jasotako dirua Beasain Kirol Elkartearentzat izango da
Jakitea elkarteak Beasain aukeratu du V. Euskal Herriko burruntzi lehiaketa egiteko. Aitor Aldasoro Beasaingo alkateak aurkezpenean adierazi duenez, «gure izaerarekin zerikusi zuzena» duen ekitaldia denez, onartu egin dute Jakitearen proposamena. Honela, igandean, 12:00etatik aurrera, Hego Euskal Herriko lau herrialdeetako sukaldariek burruntzian erretako arkumea dastatzeko aukera izango da. Mila pintxotik gora prestatuko dituzte; 3 euroan, arkume pintxoa eta edaria salduko da. Jasotzen den diru guztia Beasain Kirol Elkartearentzat izango da, beraiek ariko baitira laguntzaile moduan.
Juan Manuel Garmendia Beasaingo Kattalin erretegiko sukaldaria den Jakitea elkarteko lehendakariordearen esanetan, aukera ona izango da igandean «burruntziari bultzada emateko, hemengo sukaldaritza bultzatzeko eta bertako tradizioa mantentzeko».
Bertako produktua
Izan ere, euskal sukaldaritza tradizionala eta bertako produktu naturalak sustatzea dira 2009an sortutako Jakitea elkartearen helburu nagusiak. Xabier Zabaleta lehendakariak gogoratu duenez, sukaldatzeko erabiltzen hasi zen lehenengo tresnetako bat izango zen burruntzia, «eta gaur egun ere, aldaketak izan baditu ere, mantentzen den teknika da». Euskal Herriko txapelketarekin, burruntzian adituak diren sukaldariak protagonista izango dira, baina bertako produktu bat ere, latxa arkumea, balioan jarri nahi dute.
Bederatzi sukaldari
Lehiaketan parte hartuko duten sukaldariei dagokienean, Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako 9 sukaldarik hartuko dute parte; bi nafar ere Beasainen izateko saiakera egiten ari dira Jakitekoak. 06:30erako dute hitzordua sukaldariek. Jakiteak ikatza jarriko du, eta gainerakoa sukaldariek. Hiruna arkume erre beharko dituzte, bakoitzak bere erara eta bere sekretuekin. «Arkumearen neurriaren arabera, 2 ordu eta erdi inguru beharko ditu. 12:00etarako prest egongo dira». Kazetariek, harakinek, odolki kofradiak eta gaztagile batek osatuko dute epaimahaia. 14:00ak aldera jakingo da nork irabaziko dituen Euskal Herriko txapela eta 1.000 euro.