Laubide auzoko zirkulazioa ordenatzeko lanak hastear
Atari bakoitiei dagokien hirigintza lanei helduko diete. 2016an hasitako proiektuaren bigarren fasekoak dira. Hiru hilabete eta erdiz luzatuko dira
Legazpiko Laubide auzoko kale nagusia oinezkoentzako gune bihurtu zutenean, zirkulazio arazoak sortu ziren auzoko atari bikoitietan eta bakoitietan. Izan ere, bi eremu horietatik bideratu zen ibilgailuen zirkulazioa eta horrek garajeetako sarrerekin bat egin zuen. Egoera horri aurre egiteko eta bizilagunek hala eskatuta heldu zien udalak, 2016an, ibilgailuenzirkulazioa ordenatzea helburu zuten hirigintza lanei. Bikoitietatik hasi ziren eta orain bakoitien txanda iritsi da.
Bigarren faseko lan hauek hasteko etxolak daudejarrita jada auzoan; 15. eta 17. atarietako atzeko aldetik 21.era eta 7.era iritsiko dira obrak. Bide nagusia eta sarbideak konponduko dituzte tarte horretan. Guztira 2.340 metro koadroko azaleran arituko dira lanean. Aurrekontua 274.402,76 eurokoa da, BEZ barne, eta lanak hiru hilabete eta erdian amaituko dituztela aurreikusi dute.
Laubide auzoko ibilgailuen zirkulazioari irtenbidea emango dion proiektu osoa, bestalde, Agenda 21eko Foroaren parte hartze prozesuan landu zuten. Auzoko bizilagunekin egindako bileretan ere aztertu eta eztabaidatu zuten gaia.
Auzoko beharrak
Bigarren fase honek, aurrekoak bezala eta bizilagunek hala eskatuta, auzoan antzemandako hainbat beharri erantzungo die. Batetik, ibilgailuentzat bide zehatza sortzea dute helburu lanek, baita oinezkoa lasaiago ibiliko den espazioak sortzea ere. Bestetik, aparkaleku kopurua aurretik zegoen berbera izango da. Lanekin, gainera, argiteria hobetu eta ur-beltzak eta euri-urak ahalik eta ondoen bereiziko dituen kolektorea ere sortuko dira.
Helburu horiek guztiak beteko dituzten lanak hastera doaz. Oinezkoen espazioak zehazki bereiziko dira zoruan, Erosle denda egon zen plazan aparkalekua egingo dute eta, besteak beste, zabor edukiontziak Laubideko 7. zenbakira eramango dituzte.