Lazkaon elkarteko dendek azoka jarriko dute bihar egun osoan
Lazkaon merkatari elkarteak antolatuta, Udazkeneko Azoka egingo dute bihar frontoian. Herriko zortzi dendarik parte hartuko dute.
Udazkeneko Azoka atonduko du Lazkaon merkatari elkarteak, bihar, Lazkaoko plazako frontoian. Goiz eta arratsalde edukiko dituzte dendariek salpostuak, norbere establezimenduan duten eskaintza eta produktuak erosleei eskuerara jartzeko.
Goizean, 11:00etatik 13:30era egongo da azoka zabalik, eta arratsaldean 16:30etik 20:00etara. Arratsaldean, haurrentzat ipuin kontalari bat ere ariko da, kontakizunak egiten, azoka girotze aldera.
Zortzi dendarik parte hartuko dute biharko azokan: Amets Bat (moda), Digitalizar (informatika eta papertegia), Ekilore (belardenda), Koboloi (jostailuak), Manako (moda), Mikel Optika, Miszelania (osagarriak) eta Xanu (moda).
Lazkaonek bi azoka antolatu ohi ditu urtean, udan eta udazkenean. Gabonetarako argazki lehiaketa ere abian du.