Onddoek eta loreek erakarrita, jende asko
Bi produktu izar izan dira: loreak. Santu guztien eguna hurbiltzen ari deneko seinale, eta inguruko mendiak hain emankor ez daudenez, onddo kopuru handia, kanpokoa.
Urtero legez, garai honetan esku bete lan izaten dute lore saltzaileek. Loretan ere moda kontuz, ohitura aldaketaz edota hilerrien egituraketaz hitz egin daiteke. Denetik pixka bat. Baina kontua da hilerriak apaintzen segitzen dugula.
Duela urte batzuk etxean etortzen ziren garaiko loreekin apaindu ohi ziren hilerriak. Propio ekar arazten ziren ere zenbait lore, krisantemoa esate baterako. Baina azken urte hauetan erosi egiten da bakoitzaren beharraren eta aurrekontuaren arabera.
Aukera oso zabala da. Bananbanan erosiz gero, pentsamentuak eta biolak (1-1,5 €), txilarra, ziklamena eta azalea (5-9 euro artean), eta krisantemoak (25€). Eta prestatuta eta konbinaketa ezberdinak eginez, bai lore freskoekin bai moztuekin egindako zentroak ere aukeran ziren, 36 eta 110 euro artean atzo; MariaDolores Mendizabalek erakusgai jarriak zituen. Lore moztuetan erabilienak krabelina, liliuma, gladioloa, margarita eta larrosa dira. Atzo askok enkargua egiteko aprobetxatu zuten.
Barazki eta fruta aukera
Barazkietan, berriz, errepoilo aza berri bat ekarri zuten Montesenekoek. «Poloniatik neuk zuzenean ekarritako hazitik etorriak dira», kontatu zuen Patxi Izagirrek, hango mendiak ezagutzera joanda ibili zirenekoa gogora ekarriz. Oso aza ederra da eta estetikoki errepoiloaren antza badu, gustuz mingotsagoa omen da. Azalore laranja eta moreen ondoan dotore zuen, burua 2 euroan salgai.
Frutetan, aurten sagarra nagusi da. Atzo lehen sagar zuku litroak ziren salgai, 3,5-4 euroan. Intxaurrei dagokienez, berriz, hasieran eroritakoa txikia eta barnetik belztua izan zela diote, eta geroztik biltzen ari direna ederragoa dela. Hur dezente ikusten da mahai gainetan. Zaila ez izanik ere, iaz baino urte hobea bada.
Kanpokoen arrakasta
Hemengoaren faltan kanpokoak arrakasta du. Hala, onddo asko zegoen atzo ere, 750 kilo. Jatorriaz galdetuta, Soria, Avila, Burgos… horkoak batez ere; kiloa 12-24 euroa artean. Inguruko mendiak ez dabiltzanez hain eman- kor, eta onddo gosea izaki, ferian jende multzoak elkartzen dira Lasaren eta Barcinaren postuen inguruan.
Landareei dagokienez, hauxe izango da aukera murritzeneko garaia. Negutegirik ezean behintzat, udaberriko errepoilo aza, borraja, ziazerba edo espinaka, udaberriko tipula zuria eta gorria eta errefautxoak daude oraintxe aukeran.
Valentziatik, laranja
Azkenik, Goen plazan asteazkenero han izaten den bakailao saltzailea ez ezik, atzoz geroztik berriz ere Valentziatik zuzenean ekoizleak, Juan Carlos Costak, ekarritako laranjak ( 2-2,4€/k) eta mandarinak (2,5€/k) jarri dira salgai.
Oraindik kolorez berdexkak baldin badira ere, gustuz iduri duten baina gozoagoak daude. Amaiur Mujika oiartzuarra arduratuko da aurten ere salmentaz.