Zine estreinaldia eta Lertxundiren kontzertua, Usurbe antzoki berrituan
Asteburuan zabalduko ditu ateak Beasaingo Usurbe Antzokiak, hainbat berrikuntza lan egin eta gero. Benito Lertxundi kantaria eta 'El silencio de la ciudad blanca' filmaren estreinaldia izango dituzte.
Lau hilabete iraun duten berrikuntza lanen ondoren, bihar zabalduko ditu ateak Beasain Usurbe Antzokiak. Besteak beste, igogailu erabiltzaileentzat egokitu, besaulkiak lekuz aldatu eta berriak jarri, erdiko korridorea kendu eta bazterretan bana jarri, palkoak berregituratu, kristalezko barandak jarri eta larrialdietarako irteerak hobetu dituzte. Orain, guztira, 363 lagunentzako tokia du antzokiak.
Asteburu honetan estreinatuko dituzte berrikuntza horiek guztiak, eta ez dute nolanahiko egitaraua antolatu. Bihar gauean, Benito Lertxundi kantari oriotarrak kontzertua (21:00) egingo du, eta bete egingo da aretoa, sarrera guztiak agortuta baitaude.
Horrekin batera, El silencio de la ciudad blanca filma ere eskainiko dute, estreinaldian. Eva G. Saez de Urturi idazle arabarraren izen bereko eleberrian oinarritutako pelikula da. Daniel Calparsorok zuzendu du, eta Belen Rueda, Javier Rey eta Aura Garrido aktoreek jokatzen dituzte pertsonaia nagusien rolak. Haiekin batera hainbat euskal aktore ere agertuko dira filmean, tartean Itziar Ituño, Ramon Barea, Kandido Uranga edota Joseba Apaolaza urretxuarra. Umeentzako saioan berriz, El rey Leon eskainiko dute, 3Dn.
ASTEBURUKO KARTELDEGIA
Urriak 25, ostirala.
- 21:00. Kontzertua: Benito Lertxundi.
Urriak 26, larunbata.
- 16:45. ‘El rey Leon (3D)’
- 19:30. ‘El silencio de la ciudad blanca’
- 22:30. ‘El silencio de la ciudad blanca’
Urriak 26, igandea.
- 16:45. ‘El rey Leon (3D)’
- 19:30. ‘El silencio de la ciudad blanca’
- 22:00. ‘El silencio de la ciudad blanca’
Urriak 27, astelehena
- 19:30. ‘El silencio de la ciudad blanca’
- 22:00. ‘El silencio de la ciudad blanca’