«Aurrekontuan partida bat jarriko da, gazteekin zertan erabili adosteko»
Segurako turismo bulegoan eszedentzia hartu eta lan berria hartu du Izarra Urdalletak datozen lau urteetarako: Segurako alkate izatea. Herritar ekarpenekin osatu nahi du agintaldia.
Izarra Urdalletak (Errezil, 1975) ekainaren 15ean hartu zuen Segurako alkatearen makila eta herriko festak eta udako hilabeteak pasatu ondoren, azken hilabetean ari da benetako martxa hartzen, «ilusioz eta gogotsu».
Zer moduz hasi zara ardura eta lan berrian?
Lan asko da, eta lanari neurria hartzen ikasi beharko dut. Bestela, oso-oso gustura nago, oso gustura sentitzen naiz.
Herria ondo ezagutzen duzu, turismo bulegoko langilea zara eta ekintza ugaritan parte hartu izan duzu.
Herria fisikoki asko ezagutzen dut eta herriko bizitza bera ere bai, gauza ugaritan parte hartzen dudalako. Udaletxeko langileak ere lankide izan ditut azken bost urtetan. Alde horietatik, lanak aurreratuta neuzkan.
Zeintzuk dira lehentasunak?
Aurrekontuarekin hasiko gara orain. Plangintza bat egingo dugu hurrengo urteei begira. Gure helburu nagusia, ahal den gehiena, herri programa betetzea da. Eta horretarako bidea martxan jarri behar da. Dena den, orain udal administraria jubilatu egin da, kontu hartzailea ere badoa… Aldaketa handiak dauzkagu zentzu horretan. Denbora beharko dugu elkarrekin martxa egoki hartzeko. Tarte hori aprobetxatuko dugu, ondo ordenatu, indarra hartu eta bizi-bizi aurrera egiteko. Datorren urteak emango digu ordena eta zehaztasun hori.
Aurreko agintalditik datozen hainbat lan bukatzeko daude, plazako lanak adibidez.
Hori da, horretan ari gara. Aurreko angintalditik irekita dauden hainbat ate, pixkana bada ere, itxi nahian. Plazako obra bukatzear dago eta honek jarraian bertako erabileraren inguruko ordenantza berria eskatzen du. Frontoiko obraren bukaera ere hor daukagu eta jarraian gimnasioa etorriko da. Baserri eremuko zabor bilketak berrikuntzak izan ditu herriaren alde batean eta orain beste aldekoa egitea dagokigu. Eta horrela beste hainbat gauza. Ateak ondo itxi behar dira, beste batzuk lasaitasunez irekitzeko. Bestela korronteak sortzen dira eta horiek ez dute aurrera egiten uzten.
Ondoren erabaki beharko duzue estalpea eta komun publikoak non eta nolakoak jarri.
Hori beste prozesu batean, plazako obraren bigarren fasean izango da. Ikusiko dugu noiz etorriko den fase hori. Herriak eskatzen ditu eta horrela jaso genuen herri programan ere, eta legealdi honetan egitea da gure asmoa. Diru laguntzek ere markatuko dizkigute lehentasun batzuk. Udal honek daukan aurrekontua kontuan hartuta, laguntzak behar-beharrezkoak ditugu eta aprobetxatu egin behar dira. Beharrak identifikatuta eta proiektu gehienak prestatuta edukitzea litzateke ederrena, diru laguntza deialdia dagoen unean eskaera egin eta proiektua martxan jartzeko.
Zirkulazioari begira, Kalegoeneko proiektua gauzatzea duzue helburua.
Plazan egin den obra berriak eta bertako bizitzak horrela eskatzen du. Kalegoenetik, Kultur etxe ondoko aparkalekutik bideratu nahi dugu Zegama alderako zirkulazioa, Kale Nagusia itxi eta zirkulazio guztia Zerkaldetik bideratuta. Horretarako, Kalegoenen, aparkalekuko zati bat jan beharra dago, autobusak eta kamioiak ere pasatu ahal izateko. Hor dezenteko proiektua dago, bai ekonomikoki bai lan aldetik. Baina gure helburuetan dago.
Herriaren antolaketa orokorrerako plana berritzeko asmoa ere baduzue.
Lehen daukagun plana zaharkitua dago eta berri baten beharra daukagu. Behar bat da, bai antolakuntzari begira bai legeari begira. Herriaren norabidea markatzen du. Bai egin behar diren berrikuntzak erabakitzeko, bai dauzkagun eraikinak gureganatu edo eta zertara bideratu jakiteko, herriaren nortasuna zehazteko eta abar. Kostu ekonomiko ikaragarria suposatzen du eta lan aldetik ere esfortzu haundia. Horregatik, ez digu denborarik emango legealdi honetan dena bukatzeko, baina hasi behintzat egin beharra daukagu.
Kultur etxea herriko kultur eskaintzari erantzuteko prestatzea nahi duzue.
Kultur ekintzetarako, eraikin aldetik behar bat badugu herrian. Musika Eskola Beheko Eskolara eraman eta kultur etxea berrantolatu beharko dugu berau egokitu eta areto handiago bat sortzeko. Igogailua badu eta irisgarria da. Ikusi egin beharko da zer egiteko aukera ematen duen eraikin horrek. Kontzertu, antzerki edo edozer gauzatarako.
Kulturalki herri bizia da.
Oso. Baina ez daukagu horrelako areto bat. Oso kuriosoa da. Gune egokitu batek ahalbideratuko luke kultur eskaintza oraindik ere zabalagoa izatea.
Eskolako eta egoitzako jangeletan bertako produktuak kontsumitzearen aldekoak zarete.
Ari gara informazioa jasotzen. Herri mailan bakarrik ezin diogu horri erantzun. Herrian ekoizle gehiago sortzea da helburuetako bat, eta Aizkorpe edota Goierriko beste ekoizle batzuekin elkarlanean, sortuko den eskaera horri erantzuna ematea bestea. Bertako kalitatezko produktuak gure jangeletan kontsumitzea da gure nahia.
Herritarrekin harreman zuzena eta irekia izatea da zure erronketako bat.
Gustuko dut jendearekiko harreman zuzena. Bulegoko atea irekita eduki zalea naiz udalera datorrenarekin kontu pare bat esateko bada ere, hemendik aurrerako tenperaturek horrela izaten utziko ez didaten arren. Bestetik, eta udal bezala, whatssapez hasi gara dagoeneko informazioa zabaltzen, herritarrak momentuan jakinaren gainean egoteko. Dagoeneko 100 pertsonek erabiltzen dute zerbitzua.
Batzordeak ere martxan daude, herritarrek udal gaietan ekarpenak egiteko eta parte hartzeko aukera daukate.
Batzuk animatu dira. Herritar gehiagok parte hartzea ederra litzateke. Ideiak botatzeko, ikuspuntu desberdinak jasotzeko. Denon herria egitea da helburua eta horretarako denok parte hartzea behar dugu eta batzordeak horretarako daude. Ideia desberdinetako eta adin desberdinetako jendearen ideiak eta iritziak jasotzea oso aberatsa da, guztiak lotu eta denontzako den zerbait egiteko. Jendeari kostatzen zaio bere barrenean daukana botatzea. Eta hori ere egin behar da, askatu egin behar da. Nik aurpegi desberdinak ikusi nahiko nituzke; herriko jendea ikusi nahi dut batzordeetan.
Gazteekin lanketa berezia egiteko asmoa daukazue.
Orain aurrekontuak datoz, eta bertan partida bat jarriko da gazteekin adosteko zertan erabili diru hori. Beraiekin bildu eta beraien neurrirako parte hartze prozesutxo bat egingo dugu. Herritar bakoitza bere herrian eroso eta gustora sentitzea da gure helburua eta horretarako bere sentitu behar dute herria. Beraiena den parte bat eduki behar du herriak. Horretarako, gauzak egin behar ditugu elkarrekin. Beraiekin batzordeetan hartutako erabakiak aurrera eraman eta ahal direnak beraiekin elkarlanean. Txikitik hasi eta ekintza haundiagoetara igaroz.
Oposizioarekin nolako harremana izatea nahiko zenuke?
Errespetuzkoa. Oposizio aktibo bat gustatuko litzaidake, elkarlana eraginkorra izateko.