Goierriko txistulariak Beasainen elkartuko dira bihar, Txistulari Alardean
Gernika pasealekuko pilotaleku txikian egingo dute kontzertua 19:30ean hasita. Hamahiru euskal kanta eskainiko dituzte kantarien, dantzarien eta beste hainbat musikarien laguntzarekin
Beasaingo Gernika pasealekuko pilotaleku txikia Goierriko eta Euskal Herriko txistularien topagune bilakatuko da bihar, 37. Txistulari Alardea antolatu baitu Beasaingo Goizeresi Txistulari Taldeak. Iruñea, Hondarribia, Zegama, Idiazabal, Urretxu, Ordizia, Lazkao, Getaria, Hernani, Oñati eta Iparraldeko txistulariak elkarrekin ariko dira pilotaleku txikiko oholtzan, 19:30etik aurrera. Dena den, kontzertuaren aurretik, 19:00etan hasita, kalejira egingo dute Kale Nagusitik barrena.
Hamahiru kantako errepertorioa prestatu dute: Euskal Musikaren Gorospena, Ilunabarra, Gabiltzan Kalez Kale, Donostia, Auspo jotzailearen ametsa (fandangoa), Gurea (arin-arina), Goiburu (kalejira), Eparra, Euskal Herrian Rock and Rolling, Aurrera Altsasu!, Katedral bat, Nere Sentimendua-Orain Kantatuko dut-Madalanera eta Beasaingo Martxa.
Kontzertua prestatzeko entsegua izango dute parte hartzaileek 16:00tan Gernika pasealekuko frontoi txikian.
Laguntzaile ugari
Txistu doinuarekin batera, beste hainbat musikari, kantari eta dantzarien laguntza izango dute biharko ekitaldian. Besteak beste, Loinatz Abesbatza, Ostadar dantza taldea, Aitor Furundarena (soinua), Itziar eta Erkuden Flores (ahotsak), Alain Ezeiza (gitarra), Dani Lerma (baxua), Alain Lopez (ahotsa), metal boskotea, Carlos Alcala eta Mikel Olano (perkusioa), Marisa Olano (teklatua), Xabier Garmendia (irudietan) eta Molatu Musika Teknikaria.