Mondeju zuria izarra, ardikia goresteko jaian
Igandean ospatuko dute Zaldibiako Ardiki Eguna, Aralarko artzaintza eta ardikia plazara eramateko festa. Bi helburu nagusirekin sortu zen jaia: arbasoen kultura ezagutaraztea eta babestea, eta bertako produktuak erakustea eta merkatuan lekua izan dezaten saiatzea.
Zaldibiak bere-berea du mondejua, eta urtetako ohitura da urri hasieran ospatzen diren festetan herritarren eta bisitarien artean mondeju pintxoak banatzea. Aralarpeko herri txiki batzuetan soilik egiten den hestebetea da mondeju zuria, eta ekoizpen eremu murritza izateak eta handik kanpo ez ezagutzeak eragiten zuen iraupen berme eskasa aintzat hartuta erabaki zuen Zaldibiako lagun talde batek, orain 25 urte, Ardiki Eguna antolatzen hastea. Aralarko artzaintza eta bertatik eratorritako produktuak goratzeko eguna da Ardiki Eguna, eta baita arbasoen bizimodua plazaratzekoa ere. Etzi ospatuko dute.
Bat izango da etziko produktu izarra: Zaldibiako Mondejua. Izen horrekin erregistratuta dago orain hamabost urtetik, Mondeju Kofradia sortu zen egunetik beretik. Latxa ardi hestebetea da mondeju zuria, eta hiru dira osagai nagusiak: porrua, ardi gantza eta arrautzak. Horiek ondo txikitu eta nahastu ondoren, gatza eta piperra bota behar zaie; heste naturalean sartu eta gutxienez bi orduz egosi ondoren, dastatzeko moduan legoke jada. Tipula, ardi tripakia eta perrexila dira aukerako beste hiru osagaiak.
Hazi eta egokitu den jaia
1994ko azaroaren 27an egin zuten, lehen aldiz, Ardiki Eguna, baina bigarren ediziotik aurrera urriko azken igandea izan da festa egun izendatua; halaxe ospatu da 2001ean ez beste urte guztietan. Aurreneko urtekoa izan zen mondeju lehiaketara aurkeztutako eltze kopururik oparoena: 42. Rosario Mendizabal zaldibiarra izan zen lehen txapelduna. Lehen bederatzi-hamar urteetan Resti pilotaleku estalia izan zen festaren topaleku nagusia, eta gerora plaza eremura mugitu zuten festa.
Bigarren edizioan antolatu zuten, aurrenekoz, Aralarko Gazta Txapelketa. Aralarko artzaina izatea, eta lehiaketara han eskuz egindako gazta aurkeztea izan dira urteotan guztiotan jarritako baldintzak. Hamabost gaztagileren artean, Itsasondoko Mari Jose Artzak jantzi zuen txapela. Bi lehiaketetako banakako garaipen zerrendari erreparatuta, izen bi dira nabarmendu beharrekoak: Maria Luisa Morea, Zaldibian bizi den amezketarra, mondejuen lehiaketan zazpi aldiz garaile izana; eta Joseba Intsausti ordiziarra, gazta lehiaketan bost aldiz nagusitua. Sailkapen guztiak aztertuta, berriz, bost herri nabarmendu daitezke: Zaldibia, Amezketa, Orendain, Altzo eta Lazkao.
Urte askotan festa ez da mugatu
egun bakarrera. Emanaldiak,
hitzaldiak eta mahai inguruak
ere antolatu izan dituzte
Batzorde antolatzaileak urteotan guztietan leku berezia egin dio alderdi etnografikoari ere. Sekula ez dute kale egin artzain lanbideari lotutako erakustaldiek, bi urtez egin zituzten Aralarko garai bateko jolasen erakustaldiak, herriko eraikinik nabarmenenak ere birritan ireki dituzte bisitarien begietara, omenaldiak izan dira, artzain zakur lehiaketak ere bai, herri kirol desafioak… Askorako eman dute 25 urteok.
Urte askotan, gainera, festa ez da mugatu egun bakarrera. Emanaldiak, hitzaldiak eta mahai inguruak ere antolatu izan dituzte, artzaintza, ganadugintza, mendia, larreak eta Aralar gai gisa hartuta. Eta ezinbestean aipatu beharrekoak dira musikariak eta bertsolariak ere. Horiek eman diote beti festa kutsua eta giro bizia Ardiki Egunari.
Ibilian-ibilian, iritsi da mende laurdeneko festa ospatzeko garaia. Azken bosturtekoan bezalaxe, etziko eguna apal dator egitarauz, egun bakarrera mugatuta, baina hitzorduari fin asko eutsiz. Ordulariaren orratzak gauez ordubete atzeratuta, 10:30ean hasiko da Ardiki Eguna. Eguneko planean ez da izango berritasun handirik, baina antolatzaileek aurrez eginda dauzkate etxeko lanak. Festaren nondik norakoak biltzen dituen liburuxka bat ere argitaratu du Ardiki kultur elkarteak, lehengo eta oraingo argazkiak jasoz, eta urtez urteko ekitaldiei errepasoa eginez.
Ardiki menua tabernetan
Musikarien goizeresiarekin hasiko da eguna, eta antolatzaileek ordurako dena prest izango dute Toki-Alai pilotalekuan lehiaketetara aurkeztuko diren mondeju zuriak eta gaztak jasotzeko. Latxa arrazako ardi loteak, ahuntz azpigorriak eta euskal pottokak izango dira ikusgai plazan eta inguruan, eta baita artisau produktuak ere. Asta-zerra erakustaldia ere egingo dute, arpanarekin eta trontza portugaldarrarekin enborrak zerratzen. Eta, noski, mondeju usaina ere nabarmena izango da. Pintxoak salduko dituzte plazan, eta ardiki menua eskainiko dute tabernek. Sariak bazkalaurrean banatuta, festak iluntzera arte iraungo du.
EGITARAUA
Egun osoko festa izango dute etzi Zaldibian, 25. Ardiki Egunean.
· 10:30. Ardiki Egunaren hasiera. Goizeresia txistulari, trikitilari, albokari eta dultzaineroekin, ganadu erakusketa, artisautza erakustaldiak, artisautza produktuak…
· 11:00. Zaldibiako 25. Mondeju Lehiaketa eta Aralarko Gaztaren 23. Lehiaketa. Andoni Egaña eta Sebastian Lizaso bertso kantuan direla, mondejuak dastatu ahal izango dira plazan.
· 12:00. Asta-zerra erakustaldia. Arpanarekin eta trontza portugaldarrarekin enborrak zerratuko dituzte.
· 13:30. Sari banaketa.
· 14:30. Ardiki menua herriko jatetxeetan.
· 18:00. Goierriko VI. Erromeri Bira.
· 19:30. Lagunarteko kalejira Ardiki Egunari bukaera emateko.