Hemen dira jentilak
Jentilbaratza Kultur Elkarteak prest dauka bi urtez behin egiten duten Jentilen Etorrera ikuskizuna. Larunbatean bi saio egingo dituzte; aurrenekorako sarrerak agortu dira dagoeneko.
Ataungo San Martin jaiekin batera dator aurten ere Jentilen Etorrera. 150 bat herritar ari dira dena antolatzen, larunbatean egingo duten ikuskizunerako. Ataunen jasotako kondaira, mito eta pertsonaia zaharrak biziberrituko dituzte beste behin, antzerkia, musika eta dantza uztartuko dituen emanaldian.
Saio bikoitza izango da, eta dagoeneko, banatu dituzte aurreneko saiorako webgunean jarritako sarrerak. Bigarren saiorako sarrerak eskuratu daitezke oraindik, eta egunean bertan ere jarriko dituzte. Aurtengo ikuskizuna iragartzeko, bideoa ere zabaldu dute sare sozialetan:
Antolatzaileek hainbat ohar ere eman dituzte, Jentilen etorrera ikustera datozen bisitarientzat:
- Jentilei ongietorria 18:15ean egingo zaie, San Martin auzoko plazan. Handik desfilea egingo dute Auzoeta kiroldegiraino (650 metro).
- Auzoeta kiroldegiko ikuskizuna bi saiotan egingo dute; lehena 19:00etan eta bigarrena 21:00etan.
- Sarrerak aurrez webgunean eskuratu daitezke. Egunean bertan, bi mahai jarriko dituzte, 16:00etatik aurrera, San Martingo plazan eta Auzoeta kiroldegian.
- Ikuskizunerako, sarrerak paperean edo mugikorrean aurkeztu daitezke.
- Autoa aparkatzeko garaian, antolakuntzako jendeari kasu egin.