San Adriango pasabidea, antzeztoki bihurtuta
Ehun lagunetik gora elkartu dira San Adriango pasabidean, Leizarrate antzezlan musikatua ikusteko.
“Ikuskizun ederra, leku paregabean”. Horrela deskribatu dute antolatzaileek, atzo San Adriango pasabidean egindako Leizarrate antzezlan musikatua. Zegamako Udalak, Foru Aldundiaren laguntzaz antolatutako ekimena izan da, eta Urrup antzerki taldekoek antzeztu dute. Leizarrate harkaiztiaren eta hura pasatzeko ezinbestekoa izan den pasabiaren historia kontatu dute, Tobera musika eskolakoek lagunduta.
Jende multzo ederra bildu zen, eta taldean joan ziren Aldaolatik gora, San Adrianera. Bidean, historiaurreko biztanleek egin zieten aurreneko harrera, txalaparta doinuekin. Behin tunelaren barruan, mendeetan zehar bertan ibili diren artzain, herritar, erromes, bidelapur eta errege-erreginen istorioak ezagutu zituzten bisitariek. Lekuaren berezitasunak zirela eta, 140 lagunera mugatu behar izan zuten bisitari kopurua. Zegamakoez bertakoez gain, Goierriko beste hainbat herritakoak etorri ziren gehienak; beste batzuk, Donostiatik edota Hendaiatik ere etorri ziren.
Antolatzaileek eskerrak eman nahi izan dizkiete ekitaldia gauzatzeko lanean parte hartu duten guztiei, eta baita saioa ikustera etorri zirenei ere.