Aitorren lehen pedalkadak
GOIERRIKO HITZA sortu zen urte berean, 2004an, osatu zuen Aitor Perez Arrieta zegamarrak bere lehen denboraldia profesional mailan. Bederatzi urte egin zituen profesionalen artean.
2004ko urriaren 30eko GOIERRIKO HITZAren azaleko protagonista nagusia Aitor Perez Arrieta txirrindulari zegamarra izan zen. Estitxu Imazek elkarrizketa egin zion, profesional mailan lehen denboraldia osatu ondoren. Denboraldi hartan Baque taldean aritu zen. Perez Arrietak beste zortzi denboraldi eman zituen profesional mailan eta hiru itzuli handiak ezagutu zituen.
Bestalde, duela 15 urteko urriaren 30ean Paulo Agirrebaltzategik eta Aitor Azpiazuk Julian Alustiza Aztiri fraide frantziskotar gabiriarraren idazlan onenen bilduma aurkeztu zuten. Egun hartan Alustizak 91 urte bete zituen. HITZAn aurkezpen hura iragarri zen.
Ale hartan Miguel de la Cuadra Salcedo abenturazaleak Legazpira egindako bisitaren berri ere eman zen. De la Cuadrak Quetzal bidea Legazpitik pasako zela iragarri zuen. Baita bezperen gertatutako bi auto istripu larriren berri eman ere: bata Ormaiztegin eta bestea Ataunen.
Hurrengo astebetean berri mamitsu asko eman zituen GOIERRIKO HITZAk: 18/98 sumarioaren baitan atxilotu zuten Ainhoa Irastortza ordiziarrak hirugarren urtea bete zuen kartzelan, Oreka TX taldeak Beasaingo antzokian jo zuen, Xabier Ormazabalen hilotza Cho Oyutik jaistea lortu zuten, Karlos Argiñanok Auzitegi Nazionalean deklaratu behar izan zuen lekuko gisa, Ekaitz eta Irati Goikoetxeak irrati bidezko lehen Aizkorpe bertsolari txapelketa martxan jarri zuten, Nafarroako Gobernuak Euskal Y-arekin lotura Ordizian egiteko asmoa azaldu zuen, 70 urteko ordiziar bat trenak harrapatuta hil zen, Urretxuko Udalak Sorgintzulon 52 etxebizitza egiteko hitzarmena onartu zuen, Beasaingo Udalak Ittolako industrialdearen obraren hasiera iragarri zuen…