Aralarko ganaduzaleak erasotuta sentitu dira azken ekimenekin
Enirio-Aralarko Mankomunitateari eta EH Bildu alderdiari zuzendu dizkio kritikak Aralarko Baserritar Elkarteak (ABE). Aholku Batzordea sortu izana eta haiek «gonbidatu ez» izana «harriduraz» hartu dute.
Aralarko Baserritar Elkarteak salaketa idatzi bat zabaldu du, Aralar mendikatean ibiltzen diren ganaduzaleek «erasoa» jasan dutela argudiatuta. Igandean Zaldibiako Ardiki Egunean aurkeztu zuten kritika, oholtzara hogei bat artzain eta ganaduzale igota. Atzo, prentsara bidali zuten.
Enirio-Aralarko Mankomunitateari eta EH Bildu alderdiari zuzendu dizkio kritikak Aralarko Baserritar Elkarteak (ABE). Mankomunitateak zuzendaritza eta presidentetza berria du, udal hauteskundeen ondotik. Bilerarako deia duela bi hilabete eta erdi egin arren, Mankomunitatea ez dela elkartearekin harremanetan jarri deitoratu dute.
Bestetik, Mankomunitateak Aholku Batzordea sortu izana eta haiek «gonbidatu ez» izana «harriduraz» hartu du elkarteak: «Gure harridurarako, gonbidapenik jaso gabeko aurkezpen baten berri izan genuen, bilera eskaeraren erantzunaren ordez». Aholku Batzordea sortzea uztailaren 29an erabaki zuen Mankomunitateak, eta urriaren 9an elkartu zen lehenengo aldiz.
Larreen plana, «okerra»
Hain justu, bilera horretan EH Bilduk aurkeztutako larreen antolaketa plana ere kritikatu du ABEk: «Lehenengo sektorearekin kontatu gabe eginiko plana da; gainera, datu okerra erabilita. Sektorearen alde dauden hauek, sektorea bera suntsitze bidean jarri dute», gaineratu du baserritar elkarteak.
Txosten horrek ganaduzaleak gaizkiletzat hartzen dituela salatu dute. «Mendia gestionatzen duena sektorea bera izanik, egindako onurarik azaldu ez, eta delitugileak bagina bezala aurkeztu gaituzte plan horretan», gehitu du baserritar elkarteak, EH Bilduren proposamenari buruz mintzatuz. «Ondorioz, sektorea eta elkartea gogoeta sakon batera bultzatu» dute.
Orrialde bateko adierazpena bukatzeko, Aralarko baserritarren, ganaduzaleen eta artzainen jarduera bermatuko duten «ekintzak» lantzen jarraituko duela agertu du ABEk.