Errigora, bide berriak lantzen
Errigora egitasmoak gaurtik ekingo dio udazkeneko kanpainari. Zazpigarren edizioa berrikuntzekin dator. Saski berri bat eta Agerraldia proiektua sortu dituzte
Gaur hasi eta azaroaren 20ra arte, Euskarari Puzka kanpaina egingo du Errigora egitasmoak. Dagoeneko zazpi urte egin ditu Nafar Erriberako produktuak eta euskalgintza proiektuak bultzatzeko sortutako egitasmoak, eta aurten, berrikuntzekin dator, gainera. Izan ere, orain arteko bi saskiez gainera, hirugarren bat ere prestatu dute, produktu ekologikoekin.
Txikitik hasitako herri ekimen horrek, emaitza handiak lortu ditu sei urteko ibilbidean. 2013an aurreneko kanpaina egin zutenetik, ia 80.000 saski saldu dituzte, eta guztira, kasik milioi bat euro bideratu dute Erriberako euskalgintza proiektuetara.
Agerraldia
Aurten beste pauso bat eman nahi izan dute Nafarroa euskalduntzeko ahaleginean, Agerraldia elkartea sortuta. Erromatarrek Ager Vasconum deitu zioten Nafarroako hegoaldeari, eta hortik datorkio izena. Egitasmo berriak «euskaldunen, euskaltzaleen eta eragileen arteko sarea» sortu nahi du Nafar erdialdean eta hegoaldean, zonalde horretan «euskararen alde ari diren ekimenak indartzeko eta berriak lortzeko» helburuarekin.
Bestalde, saskiak antolatzeko urteroko auzolana egingo dute Ablitasen, azaroaren 9an.
Aurten saski berria
Azken urteetan, udazkeneko kanpainan bi saski mota ezberdin eskaini ditu Errigorak. Aurten, ordea, hirugarren bat ere eskainiko dute, produktu ekologikoekin osatutako kutxa berdea. Besteak beste, ardo beltz ekologikoa, potxak, arroza eta pasta, pikillo-piperrak, orburuak eta oliba olio birjina estra daramatza. Prezioei dagokienean, saski beltzak 50 euro balioko du, berdeak 60 eta zuriak 70 euro.
Goierrin, ohiko puntuetan
Errigora egitasmoak babes zabala izan du Goierrin azken urteotan. Horren adierazle dira iazko kanpainako datuak; guztira, eskualdean 917 saski eskatu zituzten iaz. Aurten ere, webgunean eta ohiko jasotze puntuetan lortu ahal izango dira saskiak. Online erosketari dagokionean, txartela ere erabili ahal izango da aurrerantzean.