Final atarira arrimatzen
Gipuzkoako Bertsolari Txapelketan, azken final-laurdenaren faltan, lau goierritar sailkatuta daude. Nerea Elustondok batu du puntu gehien. Maialen Akizu larunbatean ariko da, Azkoitian
Final-laurdenen bost saioko fasea agortzeko bakarra falta denean, asko argitu da Gipuzkoako Bertsolari Txapelketaren azkeneko bi kosketarako bidea. Bat, Azkoitian larunbatean kantatuko duten bertsolariek 451 puntuen muga gainditu beharko dutela, finalaurrekora sailkatzeko txartela lortzeko. Bi, dagoeneko lau goierritar pasatuta daudela hurrengo jauzira. Maialen Akizu izan liteke bosgarrena, Azkoitian ariko baita.
Aurreko asteburuan, aurkia eta ifrentzua izan zen goierritarrentzat. Eibarko Coliseo antzokian, zapatuan, Gorka Maiz eta Mikel Tapia ziren, eta biak aukerarik gabe geratu dira.
Saio txukuna osatu zuen Maizek (laugarren, 441 punturekin). Felix Zubiarekin batera, zortziko txikiko ariketan puntuatuena izan zen (103), askogatik. Tapiak berora egin zuen saioan zehar, eta kartzelakoan dotore bigarren puntuatuena, Unai Muñoagandik puntu batera agurtu du Txapelketa, bere lehena.
Saioa Jon Maiak irabazi zuen Eibarren, eta zuzenean sailkatu da Tolosako finalaurrekora.
Igandean, Azpeitian, Oihana Iguaran bezalaxe. Batzuen iritziz, orain arteko saio borobilena eta onena izan da. Puntuazioek hala adierazten dute behintzat: puntuaketa-sailkapeneko lehen seien artean kokatu dira Azpeitiko lau bertsolari, tartean Nerea Elustondo legazpiarra (saioan hirugarren, 476,5 punturekin) eta Amaia Iturriotz urretxuarra (bosgarren, 463,5ekin).
Goierri garaiko bi bertsolariekin batera, Iban Urdangarin ataundarra eta Iñaki Apalategi beasaindarra ere finalaurrekorako matematikoki sailkatuta daude jada.
Maialen Akizu, zapatuan
Bosgarren eta azken final-laurdena Azkoitiko Baztartxo antzokian jokatuko da, larunbatean 17:00etan. Fasean kantatzeko falta den goierritar bakarra han ariko da, Maialen Akizu urretxuarra. Ander Lizarralde, Ane Labaka, Ane Zuazubiskar, Beñat Gaztelumendi 2015eko txapelduna eta Mikel Artola dira seikoan; aurkezle, Ion Zaldua.
Bost saio-irabazleez gain, puntuazio oneneko 13 pasako dira.