Aizkora apustu herrikoia Otsaurten
Xabier Urteaga eta Aitor Azalza beasaindarrek aizkora apustua egingo dute larunbatean, Otsaurten.

Herri kiroletako eta apusturako zaletasunak bizirik dirau gazteen artean ere. Beasaingo bi aizkolarik, Xabier Urteagak eta Aitor Azalzak, aizkora errebantxa-apustua dute biharko hitzartuta, Otsaurten. Epaile lanetan beste beasaindar bat, Juan Garmendia, ariko da.
Hitzordua larunbat goizeko 10:00etan egin dute, Otsaurteko bentan. Bertan gosaldu eta ondoren Aizkorri azpian dagoen Iturzabaleko pinudira joango dira elkarrekin. «Kattalin erretegian bazkaria eta ohorea» daude jokoan. Ikusleei eskaera berezia egin die aizkolariek: «Apustuetako alkandorarekin joatea». Sarrera moduan, borondatea kobratuko dute; jasotako dirua lursailaren jabeentzat izango da.