Arizkorreta zelaia berritzen ari dira eta «jokatzeko prest» izango da laster
Sports & Landscape enpresa ari da zelaia berritzeko lanak egiten. Aurrekontua 259.036,8 eurokoa da eta renting formularekin ordainduko du udalak
Idiazabalgo futbol zelaia 20 urtera bidean zegoen eta aspaldiko eskaerari erantzunez, belarra berritzeko lanak egiten ari dira azkeneko asteetan, «egoera oso txarrean» baitzegoen. Urriaren 9an hasi ziren aurreko belarra kentzen eta oraindik beste «zortzi lan egun gehiago» gelditzen direla jakinarazi du Iñaki Alberdi alkateak. Aurreikusten du «azaroaren 8ko astebururako lanak bukatuta egotea, guztia behar bezala joatekotan», Kontua da horrelako lanak egiteko «eguraldi ona eta lehorra egitea komeni dela».
Sports & Landscape enpresa ari da zelaiaren aldaketa egiten eta renting-aren formula erabiliko du Idiazabalgo Udalak obra ordaintzeko. 259.036,8 eurokoa da aurrekontua eta 60 hilabetetan ordainduko dute. Ordaintzeko formula horrek «hainbat abantaila» dituela adirazi du Alberdik. Izan ere, «mantenimendu lanak ere sartzen» baitira.
Dagoeneko, belar artifial berria jarrita dute eta markaketa egiten ari dira. Hori bukatuta, «lehenik ondarra eta ondoren kautxua botako dituzte».
Zelai berriak itxura aldetik bakarrik ez, bestela ere hobekuntza asko ekarriko ditu. Izan ere, orain arteko zelaian, egoera oso txarrean zegoenez, «lesioak izateko arriskua» ere bazegoen. Hemendik aurrera, lesioak ekidingo dituzte kirolariek, «erorikoak moteltzen dituelako».
Futbol taldekoak «pozik»
Lanak amaitu bezain pronto Arrizkorreta zelai berria estreinatzeko gogoz daude Idiazabal Kirol Elkartekoak. Matias Aranburu klubeko presidenteak adierazi du «aspalditik» zeudela zelai berria jartzeko zain. Azkeneko urteetan, azpiegituren egoera «kaxkarragatik», jokalari batzuek «jokatzeari uko» egin diote, «lesio arriskuagatik».
Momentuz, «etxeko partidak Alegin jokatzen» ari dira. Lazkaon eta Ordizian ere jokatu dute bat edo beste. Entrenamendu saioak ere etxetik kanpo egiten ari dira eta «lanak ondo egitea lehenesten» badute ere, zelai berria probatzeko gogoz daude.