Azaroarekin, doinu barrokoak
Barroko Aire musika zikloaren 34. edizioa datorren azaroaren 3an, igandea, hasiko da. Gipuzkoako Foru Aldundiak eta Ordiziako Udalak antolatutako ekintza da
Tolosako abesbatzen txapelketan parte hartutako hainbat abesbatzaren bisitaren ondoren, Barroko Aire musika zikloari hasiera emateko prest daude Ordizian. Atzo aurkeztu zuten aurtengoa, 34. edizioa, Donostiako Koldo Mitxelena Kultur Etxean. Maria Jose Telleria Foru Aldundiko kultura zuzendariak, Adur Ezenarro Ordiziako alkateak eta Migel Zeberio eta Javier Busto zuzendariek eman zituzten edizio berriaren inguruko xehetasun guztiak.
Lau kontzertu ekarriko ditu Barroko Airek. Herriko eliza nagusian izango dira, azaroko lau igandeetan, 18:30ean hasita, eta doako sarrerarekin. Telleriak nabarmendu zuenez, «urtez urte ikusi da Ordizian eta lurraldean zer nolako aukerak dauden musikarientzako eta sortzaileentzako, bai ibilbidea hasteko baita jarraitzeko ere, eta egiten duten ahalegina, kalitatea eta esfortzua erakusteko». Ezenarrok ere ildo beretik egin zituen adierazpenak: «Plazerra eta ohorea da edizio berri bat aurkeztea». Barroko Airek «hasieratik jarri zituen bi helburuak betetzeko bidean doa». Batetik, «lurraldeko taldeei erakuslehio bat jartzea, kalitatea hizpide hartuta». Bestetik, «kanpotik maila handiko taldeak ekartzea».
Javier Bustok azaldu zuen Barroko Airen parte hartzeko «gogotsu» zegoela «duela urte asko». Aurten, Denbora Herreroren bidez parte hartuko du. Taldekideak dira eta nabarmendu zuenez, «oso gustura» daude «ziklo eder honetan parte hartzeagatik». Gainera, «emozioz betetako eta alaitasunez jantzitako musika» interpretatuko dute.
Zeberiok, berriz, igandeko kontzertua «Ordizian bizi zen Pepe Arzelus musikariari omenaldia egiteko» baliatuko dutela esan zuen. «Konpositore famatuek sortutako lanak ere izango dira entzungai, eta barroko musika XX. eta XXI. mendeetako musikekin lotuko» dutela gehitu zuen. Musikak «iraungitze datarik ez» duela ere aipatu zuen, «beti berria izan behar» duela.
Lehen kontzertua
Hilabete bat, lau igande eta lau kontzertu. Lehena, azaroaren 3an izango da. Et Incarnatu Orkestra eta Marivi Blasco sopranoaren kontzertuak irekiko du Barroko Aire. Zuzendari lanak egiten Migel Zeberio arituko da. 1996. urtean jaio zen orkestra. Felipe Gorriti konposagilearen heriotzaren 100. urtemugako ospakizun kontzertuetan jotako dozena bat musikari gaztek sortu zuten taldea Donostian. Makina bat kontzertu eta kolaborazio egin dituzte, nabarmentzekoen artean, Donostiako Musika Hamabostaldian, Kursaal auditorioan, Euskalduna Jauregian eta eta Palau de la Musica Catalanan eginiko kontzertuak. Grabaketei dagokienez, 30 baino gehiago dituzte. Diskak, berriz, bost guztira. Azkena 2016an kaleratu zuten, Txoriei izenburupean.
Marivi Blasco sopranoa Valentzian jaiotakoa da. Piano, oboe eta kantu ikasketak egin zituen Jose Iturbi musika kontserbatorioan, baina horrez gain goi mailako psikologia ikasketak ere baditu eginak. Talde garrantzitsuekin bakarlari aritu da. Nazioarte mailako musikariekin aritutakoa, punta-puntan dauden aretoetatik pasa da eta zuzendari lanetan ere aritutakoa da musikal barrokoetan.
Bigarren kontzertua, azaroaren 10ean izango da, Brillant Magnus Quintet taldeak joko du. Hilaren 17an, Fabio Biondi biolin jotzaileak, eta azkenik, hilaren 24an Aquam Lauda abesbatzak, Javier Bustok zuzenduta.