Bi herri, eta mendatea itxita
Konponketa lanak direla eta, Legazpi eta Oñati arteko Udana mendatea itxi egin dute lau hilabeterako eta Deskargatik bideratu dute zirkulazioa. Gidariak haserre daude.
Errepideetan konpontze lanak egiten direnean eragozpenak sortzen dira eta horiek ez dira gidarien gustuko izaten. Irailaren erdialdean obrak egiten hasi da foru aldundia GI-2630 errepidean, eta Legazpi eta Oñati arteko Udana mendatea itxi egin dute lanek iraungo duten lau hilabeterako. Olaran errekaren gaineko lau zubiak konpontzen ari dira, Olabarrieta auzo oñatiarraren parean. Lanek 600.256,88 euroko aurrekontua dute eta urtarrilaren 15erako aurreikusten da amaiera.
Legazpi eta Oñati mendatearen mutur banatan daude eta errepide hori da bi herrien arteko lotura zuzena; oñatiarrentzat, gainera, herriak dituen bi irteeratako bat, errepidea baita bertara joan eta bertatik irteteko modu bakarra (Legazpin trena dago).
Errepide mozketak hainbat kaltetu utzi ditu, bi herriotako bizilagunak gehienak, Udana jende askok zeharkatzen duelako bere egunerokoan eta beste askok, tarteka. Diputazioaren erabakiak haserrea eragin du bi herriotan, eta Oñatin, gainera, isolamendu eta utzikeria sentsazioa utzi du.
Bide alternatiboa
Lana, ikasketak –Mondragon Unibertsitateko Enpresagintza fakultatea Oñatin dago– eta bestelakoak direla, mendatean gora eta behera egunero ibiltzen diren herritarrak asko eta asko dira.
Olabarrieta auzoko biztanleei ez ezik –baserri bideak erabiltzeko baimena dute moztuta dagoen errepide zatia igarotzeko– Udana ixtean Deskargatik ibiltzeko alternatiba eman zaie gidariei. Baina Udanatik joanda Legazpi eta Oñati arteko bidea 12 kilometrokoa bada eta 25-bat minutu behar badira egiteko, Deskargatik joanda 28 kilometro pasa dira eta 30 minututik gora hartzen du bidaiak. Aldea handiagoa da normalean, ordu puntetan auto pilaketak sortzen direlako.
Kaltetuak haserre
Bi herriotako udalek uztailaren erdialdean jaso zuten mozketaren berri, eta kalteen aurrean eta kaltetuen eskaerei erantzuteko orduan maniobratzeko ia tarterik ez dutela izan adierazi dute. Oñatiko alkate Izaro Elorzak azaldu duenez, «kalketuak hein batean oñatior oro dira, batez ere Udana egunerokoan zeharkatzen dutenak, izan kotxez eta bereziki garraio publikoz… eta nola ez, Olabarrietako bizilagunak eta enpresak eta langileak».
Udana mozteak legazpiarrengan ere eragin duela esan du haien alkate Koldobike Olabidek, baina «kotxerik ez duten legazpiarrengan batez ere, izan ikasle, langile edo Oñatin familia duena. Garraio publikoa erabiltzen dutenak dira gehien kaltetutakoak». Kotxea dutenek alternatiba badutela dio, «Bergaratik joan daiteke, ez da hainbesterako itzulia, Deskargako autobidearekin asko aurreratu delako».
Gidariak, ordea, ez dira iritzi berekoak. Oñatiko San Martin egoitzan lanean dabilen Mari Martinez oñatiarra da, baina Brinkolan bizi da, Udanatik oso gertu, eta ikaragarri luzea iruditzen zaio lantokira joateko egin behar duen bidea; haserre dago. «Egunero 15-20 minutu gehiago behar ditut orain lanera joateko. Egun askotan, gainera, bi aldiz joan behar izaten dut Oñatira… Pentsa zenbat denbora galtzen dudan bidean eta horrek duen kostu ekonomikoa, gainera».
Jose Mari Beitia oñatiarrak antzeko kexak ditu. Legazpin egiten du lan, Ulmako lantegian. «Faena bat da, lehenago atera behar naiz etxetik, beranduago iristen naiz etxera, trafiko handia dago… Eta horrela lau hilabete!». Luze deritzo, eta «esaten dutenez ez dute baliatu behar errepidean asfaltoa berritzeko, edo luiziak izaten diren guneak indartzeko edo behera erortzen ari den zatia konpontzeko. Laster gara berriz ere obrekinn!». Oñati «abandonatu» egin dutela pentsatzen du, «Gipuzkoako punta batean gaude, Donostiatik urruti, eta nabaritzen da. Gurea bezalako herri handi bat, industria asko duena gainera, nola egon daiteke dauzkan errepide eskasekin? Udana itxita, San Prudentziokoa da orain Oñatitik irteteko bide bakarra. Istripuren bat izaten bada, isolatuta geratuko gara».
Garraio arazoa konponduta
Garraio publikoan ere izan du eragina Udana ixteak. Obrak hastearekin bat, Legazpi eta Oñati arteko zuzeneko zerbitzua kenduzuen aldundiak, eta eskaini zuen alternatiba transbordoz betetako bidaia zen: Legazpitik Zumarragara autobus bat, Zumarragatik Bergarako San Prudentzioko bidegurutzera beste bat, eta handik Oñatira hirugarrena. Udanatik ordu erdian egiten zen bidaia ia bi ordukoa bihurtu zen.
Bi udalek bidaiarien kexa ugari jaso zituzten. Gainera, Elorza alkate oñatiarrak esan duenez, «hasieratik ikusi genuen aldundiak planteatutako zerbitzuak ez zituela herritarren beharrei erantzuten, ez zela alternatiba errealista bat». Arazoari irtenbidea emateko zuzeneko autobus zerbitzu berezia ezarri zuten, Udanatik eta Olabarrietako baserri bideetatik ibiltzeko baimena duen mikrobusa kontratatuta. «Lurraldebusek ezin zuen zerbitzu hori bere autobus handiekin egin, eta ez zegoen denborarik kontratazio berezi bat egiteko. Horregatik kontratatu dugu bi udalok», azaldu du Olabide legazpiarrak.
Duela gutxi behin-behineko linea Zumarragaraino luzatu da. Bi mikrobusek egiten dute zerbitzua,Goierri Bus eta Apaolaza konpainietakoak.
Obrak duela hilabete eta erdi hasi ziren. Udanatik joan-etorriak egiten zituztenei ez zaie haserrea joan oraindik, eta aurretik beste bi hilabete eta erdi dituzte.