Buzkantzaren erakusleihoa
Igandean Buzkantza Eguna egingo dute Zumarragako Euskadi plazan. 12:30ean Xabier Zalduari aitortza egingo diote
Igande goizean Buzkantza Egunaren 37. edizioa ospatuko dute Zumarragako Euskadi plazan. Busca Isusiren omenezko 34.a izango da.
11:00etatik 14:00etara buzkantzak dastatzeko eta erosteko aukera egongo da. Gainera, artisauek beraien lanak erakutsiko dituzte. 12:30ean Xabier Zaldua kirolari zumarragarrari errekonozimendua egingo diote, bigarren urtez jarraian euskal pentatloi txapelketa irabazi duelako. Gainera, pentatloi saioa egongo da. Zalduarekin batera, Arria V.a, Luis Mari Txapartegi eta Aratz Mugertza lehiatuko dira.
Azken hiru horiek ere pentatloi txapelketako finalean parte hartu zuten. Arria V.a hirugarren postuan sailkatu zen, Txapartegi laugarrenean eta Mugertza bosgarrenean.
Hurrengo asteburuan ere buzkantzak dastatzeko aukera egongo da, Zumarragako 19. pintxo lehiaketan. Alexander, Batzoki, Bidezar, Hirukia, Izazpi, Monterrey, Saski, Txanpon eta Ziaboga tabernek parte hartuko dute.
Ostiralean (azaroak 9) 19:00etatik 21:00etara eta larunbatean (azaroak 10) 12:00etatik 14:00etara eta 19:00etatik 21:00etara lehiaketara aurkeztutako pintxoak dastatzeko aukera egongo da. Pintxoak euro batean salduko dituzte.