Jentilen beste lezio bat Ataunen
Bi urtean behingo 'Jentilen etorrera' antzerki luzea egingo dute Ataunen, larunbatean. Bi emanaldi izango dira, Auzoetan. Ongietorria eta desfilea egingo dituzte, aurretik
Inoiz joan baldin baziren, jentilak badatoz berriro Ataunera. Jentilen etorrera antzerkia jokatuko dute larunbat arratsean 150 bat ataundarrek, bi emanalditan. Jentilengan oinarritutako kondaira zaharrekin, antzezlan berritua moldatu dute Jentilbaratza kultur elkarteko antolatzaileek. Bi munduren arteko talka jentilen antzinakoa eta kristauen berrikoa irudikatuko dute. Baina bada mami gehiago.
Tamainagatik eta lanketagatik, bi urtean behin gauzatu ohi dute Jentilen etorrera antzerki luzea, Auzoeta kiroldegian. Bi saio egingo dituzte, larunbat arratsean: 19:00etan lehena eta 21:00etan bigarrena.
Aurretik, ordea, urtero mantentzen duten ongietorriaren kale antzezpena izango da, 18:15ean, San Martin auzoko plazan. Jentilak menditik jaitsiko eta sorginak erreka zulotik igoko dira, kristauen munduko herritarren eta autoritateen kezkarako. Pertsonaia guztiak elkarrekin, desfilean joango dira kiroldegiraino, zuzien argitan.
Antzerkia ikusteko sarrera eskuratu behar da, nahiz doan den. Sarrera-orria inprimatuta edo telefonoan eraman behar da. Aparkalekuak San Martingo plazan eta eskolan atonduko dituzte, eta antolatzaileen seinaleei kasu egiteko eskatu dute. Ehunka ikusle espero dituzte.
40. urteurrenari begira
Ataunen 1981ean hasi ziren Jentilen etorrera antzezten, herrian kontatzen zituzten eta ikertzaileek jaso zituzten kondaira ugariek inspiratuta. Ekainean egiten zen hasieran, ilunsentian eta kanpoan. Auzoko festak azarora aldatu zituztenean, barruan egiteko moldatu zuten geroago antzerkia, urte garaiagatik.
Geroztik, udan Gau Ibilaldi Mitologikoa eta Gabonen bueltan Lizarrustiko Ibilaldi Magikoa ere burutzen dituztenez, bi urtean behingo maiztasunera bihurtu zuten Jentilen etorrera. Hala, hurrengo aldian, 2021ean, berrogei urte beteko ditu.
Antzerkiak 60-70 minutu iraungo du. Ataungo herritarrak dira aktore, eta 150 bat lagunek parte hartuko dute etziko saioetan. Urteko beste bi emankizun nagusietan pertsonaia eta istorio gehiagori leku egiten badiete, oraingoan jentilak eta haien mundua erakutsiko dute.
Bi emanaldietako sarrera batzuk etzi ere jarriko dituzte
Aurrez Interneten (jentilenetorrera.eus) har litezke sarrerak. Lehen saiokoak (19:00) agortuta daude, aurretik har litezkeenak. Bigarrenekoak (21:00) on-line 200 sarrera geratzen dira.
Horiez aparte, ordea, larunbatean 16:00etan lehen saioko 150 sarrera eta bigarreneko beste 150 jarriko dituzte eskuragai, plazan eta kiroldegian.