Legazpiko IX. Ziklo-krosa egingo dute bihar Urtatzan
Denboraldia hasi berri da. Goierrin hiru proba izango dira guztira. Beasaingoa azaroaren 24an izango da eta Ormaiztegin urtarrilaren 5ean egingo dute ziklo-krosa
Telleriarteko Txirrindulari Elkarteak antolatu duen Legazpiko Ziklo-kros probaren bederatzigarren ekitaldia izango da bihar. Urtatza-zahar inguruetan egingo dute, ohi bezala, eta ibilbidea iazkoaren antzekoa izango da. Enrique Vizcay elkarteko lehendakariak Legazpiko Ziklo-krosa ziklo-kros «autentiko» gisa aldarrikatu du, «egungo zirkuitu gehienetan ez bezala, gurean igoerak eta jaitsierak daude eta parte hartzaileak ez dira plater azal batean bezala bueltaka ziztu bizian ibiliko. Gure proba mendian da eta teknikoak diren zatiak ditu».
Bihar, 09:30ean aterako dira master kategoriako txirrindulariak, 10:20ean kadeteak emakume eta gizon, 11:20ean junior mailako gizonak eta open eta junior mailako emakumeak eta 12:20ean open mailako gizonak. Emakumeen parte hartzea gero eta handiagoa da. Telleriarteko elkarteko antolatzaileentzat inportantea da andreen parte hartzea, «ahalegina egin dugu, batik bat sariei dagokienez, genero berdintasuna ezartzeko». Bestelakoan, oraindik ez dakite zenbatek parte hartuko duten izen-ematea zabalik baitago. Honezkero 65 bat txirrindularik eman dute izena eta partaidetza «ona» izango dela dio Vizcayk, «litekeena da Jon Izagirre etortzea, baina oraindik ez dakigu».
Goierriko beste biak
Gizonezkoen azken probaren eta sari banaketaren artean haurren ziklo-krosa egingo dute. Kirola txikienei ezagutzera emateko antolatu ohi dute, eta zaletasuna sustatzeko. Txosna jarriko dute eta haurren ziklo-krosean parte hartzeko han eman beharko dute izena.
Legazpiko proba Gipuzkoako ziklo-krosetan lehenengoa da eta Euskadiko Koparako puntuagarria izango da. Goierrin beste bi proba egongo dira. Beasaingoa, azaroaren 24an, Loinaz Txirrindulari taldeak antolatuko du. Ormaiztegikoarekin, urtarrilak 5, bukatuko da Euskal Herriko denboraldia; aldi berean Gipuzkoako Txapelketa izango da. Ormaiztegiko Txirrindulari taldeak antolatuko du.