Maite ditut maite, gure bazterrak
Mariaje Asurmendi margolari zumarragarrak 'Maite ditut maite' erakusketa ireki du kultur etxean. Bere txoko kuttunak ikus daitezke. Erakusketa azaroaren 10era arte egongo da zabalik.
Mikel Laboak abesti bat eskaini zien gure bazterrei; Mariaje Asurmendi zumarragarrak, berriz, margotu egin ditu. Atzo Maite ditut maite… erakusketa ireki zuen Zelai Arizti kultur etxean. Bertan txoko ederrak ikus daitezke, horietako asko Zumarragakoak.
Asurmendi gaztetan zaletu zen margotzera, bere anaiak koadro bat oparitu ondoren. «Liluratu egin ninduen eta margotzen hasi nintzen». Felix Vaquerizaren eta Begoña Idiakezen eskoletara joan zen eta herritik kanpoko margolari ospetsuengana ere jo du. «Boladak izan ditut. Batzuetan nahiko baztertua izan dut, ez baita nire lanbidea. Azkenaldi honetan, berriz, denbora dezente eskaini diot margotzeari».
Paisaiak
Zumarragako erakusketan pintura akrilikoarekin eta akuarelekin margotutako koadroak ikus daitezke. Estilo figuratiboa atsegin du. «Vaquerizarekin olioa erabiltzen nuen, baina margo akrilikoak ezagutu nituenean utzi egin nuen. Ordutik, olioarekin paisaiaren bat margotu dut, baina gehienetan margo akrilikoak erabiltzen ditut», azaldu du.
Erakusketan Gipuzkoako paisaiak ikus daitezke. «Asko herrikoak dira eta kostaldekoak ere badaude. Nire paseoetako hausnarketak dira. Zerbait iradokitzen didaten paisaiak dira. Guztiak Zumarragatik oso gertu dauden tokiak dira. Izazpira joateko ohitura dut eta bertako txoko asko ageri dira. Kanpoan hasi eta bukatutako lan batzuk ere ikus daitezke. Guztiak azken urtebetean egindako lanak dira», amaitu du.
Erakusketa azaroaren 10era arte egongo da zabalik. Kultur etxeko aretoa 17:30etik 20:30era irekitzen dute astelehenetik ostiralera eta 12:00etatik 14:00etara eta 18:00etatik 20:30era larunbat eta jaiegunetan.