Legazpiko IX. Ziklo-krosak baditu dagoeneko irabazleak
Aitor Hernandez txirrindulariak eraman du sailkapen nagusiko txapela. Junior mailan, Igor Arrietak lortu du lehen postua eta emakumeen arteko open mailan berriz, Zaloa Trevilla izan da garaile.
Gaur goizean ospatu da Urtatza auzoaren inguruan Telleriarteko Txirrindulari Elkarteak antolatutako Legazpiko IX. Ziklo-kros proba.
9:30etan eman zaio hasiera ziklo-krosari master mailako txirrindulariekin. Ondoren, 10:20ak aldera kadeteek hartu dute lekukoa eta ordu bete beranduago, junior mailako gizon zein emakumeak eta open mailako emakumeak aritu dira lehian. Bukatzeko, open mailako gizonen txanda iritsi da.
Sailkapenari dagokionez, open mailan Aitor Hernandez helmugaratu da lehen, ordu bete baino gutxiagoan. Honen atzetik, Miguel Sanchez eta Iñigo Gomez sartu dira, hurrenez hurren. Lehenengo hiru postuetatik kanpo, Astana taldeko Ion Izagirre txirrindularia geratu da.
Emakumeetan berriz, open mailan lehiatu direnen artean, Zaloa Trevilla izan da garaile. Bigarren postuan, Monica Carrascosak amaitu du. Lehenengo hiru sailkatuen zerrenda Paula Lanzek itxi du.
Euskadiko Ziklo-kros zirkuituko 4. proba puntuagarria izan da Legazpikoa. Goierrin beste bi proba jokatuko dira zirkuitu honen barruan. Loinaz Txirrindulari taldeak antolatutakoa azaroaren 24an izango da, Beasainen eta denboraldia itxiko duena ordea, urtarrilaren 5ean, Ormaiztegin.