Toberaren lanari aitortza
Eusko Jaurlaritzak Toberaren Musika Hamabostaldia saritu du landa eremua dinamizatzeko eta biziberritzeko duen balioagatik. Musika eskolak 4.000 euroko diru laguntza jasoko du
Eusko Jaurlaritzak EAEko landa eremuak dinamizatzeko eta biziberritzeko gizarte ekitaldi baliagarri modura aukeratu du Mutiloa, Segura, Zegama eta Zeraingo Tobera musika eskolaren Musikaren Hamabostaldia.
Tobera musika eta dantza eskolak aurtengo martxoan eta apirilean zehar egindako Musikaren Hamabostaldian hamabost ekintza baino gehiago egon ziren. Toberako arduradunen esanetan, arrakastatsuak izan ziren. Ikusle asko egon ziren eta ikasleek maila bikaina erakutsi zuten. Gainera, ekintza berritzaileak egon ziren.
Egitasmoaren izenburua Herria biziz, herria bizi zen. «Toberak herri txikietan egiten du lan, eta ongi daki herriok bizigarri egitea dela beraien etorkizuna bermatzeko biderik aproposena. Hain zuzen ere, herria guk geuk bizita egiten dugu; ez dago besteen zain geratzerik. Tobera musika eskolak musikaren bitartez lantzen ditu ongizatea eta kohesioa Seguran, Zerainen, Zegaman eta Mutiloan».
Eusko Jaurlaritzaren Ekonomiaren Garapen eta Azpiegitura sailak Toberaren Musikaren Hamabostaldia ekintza aglutinatzailea izan dela kontsideratzen du. Suspertze kulturala, musikala eta soziala eragin dituela kontsideratu du, inpaktu ekonomikoa ahaztu gabe. Deialdian 2019an egindako EAEko proiektuek parte hartu dute.
Hautaketa egiteko orduan, egitasmoek kohesioa, identitatea, bizi kalitatea, ekintzailetza, partaidetza… bultzatu dituzten begiratu dute. Toberak deialdira aurkeztutako programazioak horiek guztiak bete dituela iruditu zaie Eusko Jaurlaritzako teknikariei. Eragin eremua, publikoa, egindako hedapen ekintzak eta komunikazio lana ere kontuan hartu dituzte. Toberak ia 100 orriko eskabide txostena aurkeztu zuen. Ia 4.000 euroko diru laguntza jasoko du.
Tobera musika eskolakoak oso gustura ageri dira, noski. «Ongi egindako lanak saria du. Eskerrik asko Musikaren Hamabostaldian modu batera edo bestera parte hartu zenuten guztiei. Bejondeizuela! Zorionak, Tobera!».