Beasaingo odolkia, Ordiziako euskara eta mendizaleen abenturak
Gaur hamabost urte, 'Odolkiak ordainetan' errezeta liburua aurkeztu zuten Beasainen. Etxabek eta Garmendiak, Ordiziako euskararen inguruko azterlana argitaratu zuten. Eta Goierriko lau mendizalek, Ama Dablamera egindako bidaiaren berri eman zuten.
San Martin egunaren eta Beasaingo Odolki Egunaren bueltan aurkeztu zuten, duela 15 urte, Odolkiak ordainetan errezeta liburua. Beasaingo hainbat sukaldarik eta harakinek emandako 44 errezeta jaso zituzten, denak ere, oinarrian odolkia dutenak. Aurkezpenean, Beasaingo Udaleko eta Odolkiaren Kofradiako kideekin batera, Eva Argiñano sukaldaria ere izan zen.
Gastronomiatik, euskararen inguruko gaietara. Karmele Etxabe eta Larraitz Garmendia filologo zaldibiarrek Ordiziako euskararen inguruko azterlana aurkeztu zuten. Urtebetez etxez etxe aritu ziren, “ordiziarrei ate joka”, eta esker ona agertu zieten ikerketan parte hartu duten guztiei. Ondorioak, ordea, nahiko kezkagarriak atera zituzten: “Euskararen transmisioak huts egin duela ondorioztatu dezakegu egindako ikerketatik”. Euskararen ezagutza maila altua izan arren, “kalikatea kaskarra” dela zioten, eta egoera hori ez dela gazteetara bakarrik mugatzen.
Mendi kontuak ere bai. Aitzol Telleria, Felix Goiburu, Koke Lasa eta Felix Urmeneta mendizaleek Himalaiako Ama Dablam (6.812 metro) tontorrera egindako espedizioaren berri eman zuen Hitzak. Bidaiatik itzuli berritan, Goibururekin eta Telleriarekin hitz egin zuen egunkari honek. Abentura ederra izan bazen ere, ordurako kezka agertu zuten bi mendizaleek, “hainbat mendik zirkoa” diruditela eta. “Mendian ibiltzen ez dakitenek hartu dituzte gailur handiak, eta benetan mendia maite ote duten zalantza egiten dugu”.