Lokalak etxebizitza bihurtzeko aukera udalerri osora zabalduko da
Arizmendi edo 1. sektorea deskalifikatzea eta Dr. Flemingen hamabi etxebizitzetako lau bloke eraikitzea ere onartu du Beasaingo Udaleko azkeneko osoko bilkurak
Beasaingo Udaleko azkeneko osoko bilkurak behin-behineko onespena eman dio aretoak etxebizitza izateko aldatzea arautzen duen ordenantzaren errebisioari. 2007. urtetik indarrean dagoen ordenantzak, udalerriko eremu jakin batzuetan hirugarren sektorera zuzenduta zeuden aretoak etxebizitza bihurtzeko aukera ireki zuen. 12 urteotan 22 areto izan dira etxebizitza bihurtu direnak. Emaitza horiek ikusita, udal gobernu taldeak hainbat aldaketa proposatu zituen osoko bilkuran: udalerri osora zabaltzea aukera hori, esleipen prozedura erraztea edo arintzea, eta alokairuan jartzeko aukera ere ematea etxebizitza berriei. EAJko 9 eta PSE-EEko 2 zinegotzien aldeko botoak jaso zituen proposamenak; EH Bildu abstenitu egin zen.
EH Bilduko Nerea Manzisidorren esanetan, udalak ahalegina egin beharko luke «ahal den neurrian, etxebizitzak eskuratu eta irtenbidea emateko benetako zailtasuna dutenei». Aitor Aldasoro alkatearen (EAJ) arabera, ordenantza aldatuta «erraztasuna emango» du behar gehiena dutenek etxebizitza eskuratzeko.
Dr. Fleming-eko etxeak
Bestalde, Arizmendi edo 1 sektoreari eta Dr. Fleming edo 34 eremuari eragiten dien arau subsidiarioak aldatzea proposatu zuen Lurralde Batzordeak: 1 sektorea ez eraikigarri bihurtzea eta lan lur izatera pasatzea, eraikigarritasuna eremu urbanora Dr. Fleming 34 eremuan mugatuz. Erabaki horrek ordenazioa aldatuko du eta ondorioz, 12 etxebizitzako 4 bloke eraikiko dira.
EAJren eta PSE-EEren aldeko botoak jaso zituen proposamenak, eta EH Bilduk aurka bozkatu zuen. EH Bilduko Manzisidorren esanetan, «deskalifikazioa kenduta babes etxebizitzak egiteko derrigortasuna desagertu egiten da». Honela, prozedura kontuez gain, eraikiko diren etxebizitza ereduagatik bozkatu dute aurka, babes ofizialeko edo alokairuko etxebizitzarik ez delako egingo, eta jasangarritasunaren aldetik, «igerilekua eta mendiari janda egindako 69-70 aparkaleku izango dituelako». Alkatearen esanetan, landa lur zoruan ez eraikitzea, «aurrerapauso» garrantzitsua da: «Etxebizitzak alokairuan ateratzeko, lehenengo jabetza behar da. Jabetza partikularra da eta denen gainetik dago mendi lurrean ez dela eraikitzen».
Berdintasun teknikariaz
Azkenik, Oriako Lamiak talde feministako kideek hitza hartu zuten osoko bilkuraren amaieran, Eli Manterola Berdintasun teknikariari abenduan lan kontratua amaituko zaiola eta, «kezka azalduz» eta ordezkorik izango den galdetuz. «Gure erreferentzia izan dena ez da egongo abendutik aurrera. Abendutik aurrera zer gertatuko da? 2012tik biltzen den Foroa nork deituko du? Foroak jarraituko du?»
Alkatearen arabera, «aurreko agintaldian kontratatu genuen Berdintasun teknikaria, eta orain forma administratiboa aztertzen ari gara, estrukturalagoa izan dadin. Lanean ari gara. Berdintasunak garrantzia du guretzat. Teknikaria egongo da».