Azaroan, urri onaren ondorio emankorrak
Aire libreko leka berriak ekarri dituzte, eta udazken ona lagun, oraindik aire libreko berenjenak eta kalabazinak ere badaude.
E guraldiak duela azken hitza garbi ageri da mahai gainetara begiratuz. Udaberriaz geroztik da- torren joerak udazken oso aurrera arte eutsi dio. Dena beranduago etorri da. Hala ere, luzez irauten ari dira uda beteko hainbat produktu, eta ezin esan urte txarra joan denik. Tomateei kosta egin zitzaien gorritzea, eta gaitzak jo eta galdu ere egin dira asko. Piper landareak luze egon ziren bere horretan, eta horitu eta kitto gelditu ere bai batzuk. Antzera berenjena, kuiatxo eta abarrekin. Behin langa hori pasatu zutenak uztailaz geroztik emari ederrean aritu dira. Oraintxe arte gainera. Itsasoko Maria Jesus Oriak pozez eta harriduraz ekarri zituen atzo «aire libreko leka fresko-freskoak, itaia eta gorria; hain urri ona egin du! Ikusgarriak daude». Baita agudo asko saldu ere; goizeko 08:00etarako bakoitzetik kaxakada saldua baitzuen, kiloa 5 euroan. Etxeko Golden sagarra ere ekarri zuen, kiloa 2 euroan.
Baratzean erne orain ere
Negu atari honetan zer egin franko bada lurrean. Garaian erein ezean, gero jai. Horretan hasiak dira gehientxoenak. «Ilarra eta baba kanpoan ia ernetuta dago, eta negutegi barruan aste honetan ereingo dut» zioen Iñaki Intxausti Zeraindarrak. Eguraldi ona lagun, orain ilarrak segituan ernetzen direla esaten zuen, berriz, Axun Etxeberriak. Principe Alberto eta Maravilla dira gehien erabiltzen dituzten ilar motak. Inork segurura jo nahiko balu, Ibarrako Montesenekoek ilar landarea dute salgai, 0,30 euroan bakoitza, 8 bat zentimetroko altuera duena.
Baratxuria ere San Martin aurretik ereitea aholkatzen dute esaera zaharrek. Askoz lehenago egin zuen Baliarraingo Edurne Jauregik, eta aspalditxo salgai ditu baratxuri fresko sortak.
Bestetik, lekaleak jateko garai aproposean gaude. Hemengoen artean babarruna da nagusi, urte ona aurten. Kanpotik ekarri eta saltzen duten Atienzak, Mañuecok… lekale berriak dituzte. Jatorriari erreparatuz: Errioxa, Valladolid, Palentzia, Avila, Salamanca… Aukera handia dago postu ezberdinetan. Mañuecoren postuan, esate baterako, 9 babarrun mota kontatu ditugu, 5 dilista klase, baba txikia, garbantzua, ilar lehorra… Ondoan, txarkuteria zabala aukeran. Azkenik aurkeztu dituen Lacon eta Botillo delakoak oso harrera ona izaten ari direla zioen.