Badator Mendi Astea
Azaroaren 11n ekingo diote Ormaiztegin 26. Mendi eta Abentura Asteari. Elikadura osasungarriari tokia egin diote egitarauan. Ikus-entzunezko eta film emanaldiak egingo dituzte
Ormaiztegiko Mendi eta Abentura Asteak 26. ekitaldia du aurten. Azaroaren 11n, hurrengo astelehenean, hasiko da, eta ohiko ikus-entzunezko emanaldiei zein mendi irteerei elikadura osasungarriari lotutako ekintzak gehitu dizkiote oraingoan. Are, astearen barruko lehenengo ekintza elikaduraren ingurukoa izango da, baita azkena ere.
Astelehenean, herri eskolako ikasleekin garaian garaiko eta bertako produktuekin zizka mizka orekatuak prestatuko dituzte Barduliarrak elkartean.
Biharamunean, ikasitakoa oinarri, ikasleek mokadua banatuko diete Ane Hernaniren ikus-entzunezkoa ikustera doazenei. Hain zuzen, Hernanik Expect de unexpected ikus-entzunezkoa eskainiko du. 2017an Kanadako Mendi Harritsuetara joan ziren lau euskaldun. Mendiko eskia egitera joan ziren eta elur jauzi bat gertutik ikusi zuten. Elur jauziaren eta bidaiaren nondik norakoa kontatuko du Hernanik.
Emanaldi guztiak euskaraz
Azaroaren 13an, asteazkenean, Andoni Ormazabalek Lehoinabarraren aztarna ikus-entzunezkoa emango du. Xabi Ormazabal anaiak utzitako argazkiekin eta egunerokoarekin osatu- tako lana da; haren memoria bizirik egon dadin ondutakoa. hain zuzen.
Aralar mendilerroari begiratuko diote azaroaren 14an, film baten bitartez begiratu ere. ON Produkzioak eta Landarlan ingurumen elkartearen eskutik, Aralar. Mundua leku den lurra filma emango dute. Aralarko ondarea erakusteaz gain, gogoetarako bidea ematen duen filma da, zeinak adituen adierazpenak eta mundu onirikoaren pasarteak jasotzen dituen.
Azaroaren 15ean, ostirala, Iker Madoz eskalatzaileak Eskalatzen nola eta zeinekin ikus-entzunezkoa emango du. Negu eta uda, lanak gertuko hormetatik urrunekoetara eramango ditu ikusleak.
Emanaldi guztiak Gizarte Etxean izango dira, 19:00etan, euskaraz.
Azaroaren 17an ohiko mendi irteera egingo dute. 09:00etan irtenda, bi orduko iraupena izango du. Izena azaroaren 15era arte eman daiteke. Egun berean, karpan, 10:00etatik 13:30era, Azaroan azak soroan familiei zuzendutako ekintza egingo dute, non kontsumo ohituren inguruko hausnarketa bultzatuko duten eta hamaiketako osasungarria banatuko duten.