Barru-giroa kaleratzeko jaiak
Ataungo San Martin auzoan gaur hasiko dituzte festak. Larunbat-igande beteak dituzte. Araman bihartik astelehenera ospatuko dituzte. Zopiloteek joko dute mozorro gauean
San Martin, negua atzetik edo aurretik, gehienetan bietatik. Halaxe dio esaera zaharrak. Udazkenaren erdian egonagatik, Ataunen eta Araman ez diote axaleko faktoreei begiratuko festa egiteko. San Martin jaiak dituzte. Barrua berotzeko erregaia ere aproposa izango dute, mondeju eta gaztaina.
Ataunen gaur hasiko dira festak. Patata-tortillak etxetik eraman, lehiaketa egin, eta haiek afalduko dituzte. San Martingo plazan karpa atzo kokatu zuten, eta, berogailu eta guzti, huraxe izango da jaietako biltoki usuena. Bihar kuadrillen eguna dute, larunbatean umeena, eta astelehenean jubilatuena.
Bi kontzertu egun jarri dituzte. Bihar gauean Eztandak joko du arratsean, eta Ezten Girok eta Bullet Proof Lovers talde donostiarra ariko dira gauean. Zapatu gauean, berriz, Trikoma ska talde arabarra eta Gabenara erromeria taldea. Bertso jaialdiak girotuko du igande iluntzea.
Bi pilota jaialdi
Ataunen bi egunetan ikusi ahalko dira pilota jaialdiak. Bihar profesionalak ariko dira, Baiko enpresakoak: Arretxe II.a-Urretabizkaia II.a eta Agirre-Eratsun lehenengo, eta Urrutikoetxea-Ibai Zabala eta Arteaga II.a-Albisu gero.
Astelehenean, berriz, afizionatuen jaialdia antolatu dute. Promesek binaka jokatuko dute lehenik, Baztarrika-Apezetxea eta U. Alberdi-J.Etxeberria. Eliteek, ondoren: Zubizarreta-Uriondo eta Ugalde-I. Martinez.
Igandean, Ataungo Mondejuaren X. Lehiaketa izango da eguartean izarra. Ataundarrek parte har dezakete. Lau kana eraman behar dira, 11:00etarako, egosita eta saldarekin. Pintxotan banatuko dute. Hiru sari banatuko dituzte.
Herri azoka ere egingo dute, bertako baserritarren postuekin.
Araman, lau egun handi
Herriko jai nagusiak ospatuko dituen Goierriko beste herria Arama izango da, bihartik astelehenera bitarte. Zer ikusia, entzuna eta jana izango da han ere. Kontzertu aipagarria antolatu dute, adibidez, larunbat gauerako. Los Zopilotes Txirriaos kutsu mexikarreko talde nafarrak joko du lehenengo, eta Harresik gero.
Mozorrotzeko gaia ere ezin egokiagoa aukeratu dute, Zopiloteen bisita-egunerako: Mexiko. Taldeko argazkia ateratzeko deia ere egin du Festa Batzordeak. Autobus zerbitzu berezia izango da larunbatean, Beasaindik (23:00) eta Ordiziatik (23:10). Aramatik 03:00etan itzuliko da.
Aramarrek ere patata-tortilla janez hasiko dituzte festak, bihar. Dozena bat partaide izan ohi dira, normalean, lehiaketan. Etxean prestatuko dituzte, plazan epaitu eta jateko.
Herri bazkari jendetsua
Aramako herritarren juntadizo jendetsu bat herri bazkaria izango da, larunbatean, plazako karpan. Ehun bat lagun elkartuko dira; txartel guztiak saldu dira.
Igandean ere jan-edanari ez diote muzin egingo. Eguerdian txakolin dastaketa dute, dozena bat mota desberdin eskainita. Pintxoak ere aterako dituzte jateko. Gauean, San Martin bezperako ohiturazko gaztaina jana. 200 kilo gaztaina erreko dituzte.
Aramako Udalak Gaztaintxota kultur elkarteari eskerrak eman dizkio, Luis Garmendia alkatearen hitzetan, «herrian asko laguntzen dutelako eta festetan ikaragarri inplikatu direlako».
Ataun. San Martin festak
Gaur
· 17:00. Umeen txupinazoa, txokolatea eta buruhandiak.
· 19:00. Patata tortilla lehiaketa.
· 21:30. Magia ikuskizuna.Bihar, Kuadrillen eguna
· 13:00. Kuadrillen juntadizoa.
· 14:30. Bazkaria.
· 17:00. Buruhandiak.
· 18:00. Karaokea.
· 19:30. Pilotari profesionalen jaialdia, Auzoetan.
· 20:00. Eztanda taldea, Oargin.
· 23:30. Kontzertuak: Ezten Giro eta Bullet Proof Lovers taldeak.Zapatua, umeen eguna
· Goizean. Txistulariak, Eneko Dorrontsoro eta trikitilariak.
· 10:30-13:00. Puzgarriak.
· 11:00. Umeen toka, Aizkoaten.
· 11:00. Bizikletekin gymkana.
· 12:00. Helduen toka, Aizkoaten.
· 14:30. Umeen bazkaria.
· 14:30-16:30. Ume jolasak.
· 16:00. Mus txapelketa, Aizkoate.
· 16:30. Umeen mozorro festa, zunba saioa, musika… karpan.
· 17:30. Herri jolasen erronka, Torto eta Lazkaoko asanbladako gazte taldeen artean.
· 19:00. Helduen mozorro festa.
· 19:30. Sagardo dastaketa.
· 21:30. Herri afaria. Mozorrotuen sari banaketa afal ondoren.
· 00:00. Kontzertuak: Trikoma eta Gabenara taldeak.Igandea
· Goizean. Goiz eresia.
· 11:00-14:00. Ataungo Mondejuaren X. Lehiaketa eta herri azoka. Argazki rallyko irudiak.
· 12:00. Kantu poteoa.
· 17:30. Otsoak dantza taldea.
· 19:30. Bertso saioa: Alaia Martin, Anjel Peñagarikano, Agin Laburu eta Onintza Enbeita.Astelehena, San Martin
· 10:30-13:00. Puzgarriak.
· 11:30. Salda eta bertsolariak.
· 12:30. Artzain txakur erakustaldia, tailerreko zubian.
· 14:30. Jubilatu bazkaria, Bittor.
· 18:30. Pilotari afizionatuak.Arama. San Martin jaiak
Bihar
· 19:00. Txupinazoa.
· 20:00. Patata-tortilla lehiaketa.
· 23:00. Bull DJa.Larunbata
· 12:00. Haur jolasak, frontoian.
· 14:00. Herri bazkaria, plazan.
· 19:00. Mozorro festa: Mexiko.
· 00:00. Kontzertuak: Los Zopilotes Txirriaos eta Harresi.Igandea
· 12:30. Buruhandiak, trikitilariak
· 13:00. Txakolin dastaketa.
· 15:00. Puzgarriak, frontoian.
· 20:30. Gaztaina jana, plazan.Astelehena
· 11:00. Meza.
· 11:30. Hamaiketakoa, elkartean.
· 12:30. Toka txapelketa.
· 16:00. Karta-joko txapelketak.
· 20:00. Azken afari herrikoia.
· 21:00. Agurreko suziri festa.