Tipi Tapa ibiltari berrien bila
Orain urte batzuk ekin zioten sozializazioa eta ohitura osasungarriak uztartzen dituen egitasmoari. Bultzada berria eman nahian dabiltza, parte hartzeak behera egin baitu azkenaldian. Ostegun goizetan irteten dira.
Bakardadeari aurre egin eta sozializatzeko aukera bat da Tipi Tapa egitasmoa. Halaber, ibiltzera atera eta ohitura osasungarriak sustatzeko xedea daukan ekintza da. Legazpin martxan jarri zutenean Ordiziako antolaketa hartu zuten eredu gisa. Gerora parte hartze nabarmena izan zuen 40 lagun inguruko taldearekin. Gaur-gaurkoz, ostegun goizetan egiten dituzten irteeratan 24-28 lagunek parte hartzen dute; gehienak, Garagunekoak.
Hiru ibilbide daude aukeran, baina laburrena da ohikoena. Euskal Herria plazan elkartzen dira 10:30ean, paseoa egin eta Gizarte Zentrora joaten dira ondoren. Han partaideek duten txartelari zigilua jartzen diote; zigilu guztiak betetzean oparia ematen diete: aterkia, makila edo motxila. Amaitzeko, salda edo sagar errea banatzen diete eta noizbehinka abestu ere egiten dutela dio Xabier Jauregialtzo udaleko gizarte zerbitzuetako langileak eta Gizarte Zentroko atezainak.
Legazpiko Tipi Tapa egitasmoaren talde eragilean Gueske, Buztintegi, Nagusilan eta, udalaren izenean, Zerki daude. Lau talde horietako kideek Tipi Tapako taldeak laguntzen dituzte irteeretan, txandaka.
Ibiltari gehiago
Osasun zentroak babesten du eta parte hartzea sustatzen dute pazienteen artean. Aste honetan bilera egin dute egitasmoari hauspoa emateko bideak urratzeko. Boluntarioak badituzte, ibiltariak behar dira gehien, alegia, jendartean ibiltzera aterako den jendea.
Egitasmoa irekia da. Parte hartzea osasun zentrotik sustatzeaz gain, gizarte zerbitzuetatik ere bultzatzen dute. Izan ere, Legazpira aldatu berri direnentzat bertako jendea ezagutzeko modua ere bada.
Orain azterketa egin eta estrategiak finkatzeko tenorean daude. Egitasmoari indarra eman, eta legazpiarrek ostegun goizetarako aukera gisa ikus dezaten nahi dute. Boluntario lanetan dabiltzan pertsonez gain, bertako elkarteen bitartez jendea ibilbideak egitera atera dadila nahi dute. Erronka, finean, Tipi Tapako ibilbideetan ibiltari gehiago biltzea da.