«Herritarrekin erabaki nahi dugu Mutiloaren etorkizuna»
Iñaki Ugaldek (Mutiloako Herri Kandidatura) bosgarren agintaldia hasi du. Bihar hasiko den parte hartze prozesuarekin etorkizunari begira jartzea dute epe motzeko lehentasuna.
Bosgarren agintaldia du Iñaki Ugaldek (Mutiloa, 1967) Mutiloako alkatetzan; aurretik beste agintaldi bat egin zuen zinegotzi karguan. Gogotsu hasi du agintaldi berria, erronka berriekin.
Erreleborik ez dago?
Oraingoz behintzat ez. Bila nabil, eta etorriko da, etorri beharra dauka. Noizbait etorri beharko da.
2019-2023 agintaldia, aurrekoaren puntu eta segida izango da.
Jarraipena da. Zinegotzi berri batzuk sartu dira, baina orain artekoaren jarraipena da. Agintaldia bukatu aurretik eta zinegotzi berriekin aritu ginen lehentasunak zehazten, eta denok batera finkatu genituen.
Urteetan bukatu gabeko hainbat lan bukatu zenituzten azkeneko agintaldian. Plazako etxebizitzak adibidez.
Bai, etxebizitzak bukatu eta denak saldu dira. Jaurlaritzaren laguntza garrantzitsua lortu zen eta nik uste dut etxebizitzak ere diruz ondo ateratzen direla. Burukomin bat gutxiago, beraz. Duela urte betera arte, egitura zegoen eraikina ikusi edo orain dagoena ikusi, herriari beste itxura bat ematen dio zalantzarik gabe. Gainera, herriko gazteek erosi dituzte gehienak; bikote nagusi batek ere bai.
Gabiria-Mutiloa arteko errepidearen konponketa egitea ere lortu duzue.
Agintaldi honetan bukatu da, baina aurretik gauzak lotuta zeuden, eta lortu dugu bidea bukatzea. Inauguratu zen. Baserri bideak konpontzen ere jarraitu nahi dugu, laguntzak dauden neurrian.
Hemendik aurrera, zeintzuk dituzue lehentasunak?
Agintaldia hasi eta berehala egin nahi izan dugu parte hartze prozesu bat. Bere garaian Agenda 21 egin zen, hausnarketa batzuk egin ziren herriak nora joan behar zuen zehazteko. Baina urte batzuk pasatu dira eta berritu egin nahi dugu, 2030ari begira jarrita. Herritarren partaidetzarekin erabaki nahi dugu Mutiloaren etorkizuna. Ea zer behar ikusten duten, zein aurreikuspen dagoen… Bihar egingo dugu lehenengo saioa. Herritar guztiak gonbidatu nahi ditugu beraien iritzia, ideiak eta ekarpenak jasotzeko. Indarra jarriko dugu gai honetan, garrantzitsua baita. Hor aterako dira agintaldi honetako eta datozen urteetarako proposamenak.
Errotatxo eraikina barrutik egokitzeko diru laguntzak lortu dituzue, bai Madrilgo gobernutik bai Gipuzkoako Foru Aldunditik.
Proiektua egina dago, eta 2020an gauzatuko da. Barrua egokituko da orain, baina ez da hor bukatuko.
Zein erabilera emango diozuen badakizue?
Parte hartze prozesua horretarako ere erabili nahi dugu. Errotatxoa zer izan ote daitekeen pentsatzen hasi behintzat. Dena den, gauza batzuk finkatuta daude: interpretazio gunea izango da, errotaren aldamenean meatzaritzarekin lotutako zerbait joango da, ehungailua berreskuratu da eta non jarriko den ere pentsatu da. Baina oraindik ere leku gehiago geratzen da. Ideiak badaude, baina oraindik ez dago garbi nondik nora joan daitekeen. Ideiak bideragarriak izatea nahi da, udalarentzat karga handiegia ez dadila izan.
Meatze barrutiari indarra eman nahi diozue?
Meatzaritzak pisua eduki du Mutiloan, eta gai horrekin jarraitu behar da. Oraindik badaude gauzak egiteko. Lotura bilatu behar da Zerain, Mutiloa eta Ormaiztegi artean, hiruak dira osagarri. Elkartuz gero, orduan eta hobeto.
Zerain aipatu duzula, ikastaro eskaintza bateratua egin diezue zeraindarrei eta mutiloarrei.
Fisikoki gertu gaude nahi duenarentzat. Kultura ere sortu egin behar da. Baina egia da gaur egun Zeraindik Mutiloara etortzen direla gimnasia egitera; eta Mutiloatik Zerainera ere joan izan dira yoga edo pilates egitera. Hori da bilatu behar duguna. Aukera gehiago izango baitute honela herritarrek.
Lurpe zabortegiaren gaia ere hor dago. 2017ko ekainean hasi zen Gipuzkoa osoko hiri hondakinak jasotzen. Zein egoeratan dago?
Azaroaren amaieran bukatuko da Gipuzkoako hiri hondakinena. Hala ere, hondakin industrialak, inerteak geldituko dira; horrek ere epe bat badauka. Nik uste dut nahiko beteta dagoela. Zabaletara zer ematen duen ikusi beharko da. Hortik aurrera? Batek daki zer etorriko den. Ez da itxi eta bukatzen. Hainbeste urtetan mantendu egin behar da… Baten batek jarraipena egin beharra dauka horrelako leku bati.
Txerri Azoka egin berria duzue, eta hilaren amaieran kultur astea izango duzue. Elkartea, ostatua… herri bizitzarako garrantzitsuak izango dira horiek guztiak.
Ostatua irekita egotea oso-oso garrantzitsua da. Elkartea esaten da, baina ostatua ere ezinbestekoa da herriarentzat. Herri bizitza, herriko dinamismoa… parte hartze prozesuan aztertu beharreko beste gai bat izan daiteke hori ere.
Mutiloako etorkizuna erabakitzeko uneaMutiloako Udalak prozesu parte hartzailea hasiko du bihar, Erabaki dezagun Mutiloako etorkizuna lelopean. 2020 eta 2030 urteen artean garatu daitezkeen ekintzak eta proiektuak eraikitzea, pentsatzea eta eztabaidatzea du helburua. Herritarrekin batera egin nahi dute bide hori, hiru hilabeteko parte hartze prozesu irekian.
Bihar, 17:00etatik 19:00eta-ra –haurtzaindegi zerbitzua egongo da–, udaletxeko ganbaran egingo dute lehenengo saioa, eta abenduaren 14an bigarrena. Abenduaren 23an, 11:00etan, gazteekin egingo dute lan saioa. Urtarrilaren 18an, azkenik, proiektuak eta ekintzak lehenetsiko dituzte.